Sindikatu, kolektibo feminista, alderdi politiko eta talde internazionalistetako kideek parte hartu zuten, besteak beste, 'Ibaien eta biziaren alde: Berta Caceres asesinada' lelopean. Guztira, Bizkaiko 40 bat gizarte eragilek egin zuten bat deialdiarekin.
Izan ere, atzokoa, hilak 14, egun adierazgarria zen, hain zuzen ere, Ibaien Aldeko Munduko Eguna, eta Berta Caceresek Hondurasko ingurumena eta natura babesteko egindako lana gogoratzeko unea. "Egun esanguratsu honetan, egin zuen lan eskergagatik eta Hondurasen eraikitzen ari diren hainbat urtegiren aurka garatu zuen borrokagatik oroitu nahi dugu Berta", adierazi zuten elkarretaratzeko partaideek. "Zure enborretik sortuko dira kimu berriak", erantsi zuten.
Era berean, Caceresen erailketa argitzeko erantzunak exijitu zizkieten Honduraseko erakundeei. Esaldi argigarri baten bitartez: "Justizia Berta Caceresentzat".
Joan den martxoaren 3ko goizaldean Honduraseko lenken etniako buruzagi ezaguna zen 45 urteko Berta Caceres emakume indigena erail zuten. Caceres Honduraseko Herri Erakundeen eta Indigenen Gizarte Kontseiluko (COPINH) koordinatzailea eta giza eskubideen defendatzaile nabarmena zen.
Amerika Arteko Giza Eskubideen Gorteak (CIDH) Bertaren babeserako kautelazko neurriak ezarri zituen, mehatxuak jaso berri zituen-eta. Bere lan historikoagatik, Ingurumenerako Goldman Saria eman zioten iazko apirilean. Martxoaren 3an, ordea, bizitzeko eskubidea kendu zioten indarrez.