Ondorio zuzena utzi dute isunek. "Kalte ekonomikoak ugariak izan dira" bai pertsonentzat bai pertsona horiek osatzen duten kolektiboentzat.
Olaitz Laparrarena da 735 kasuetako bat. Etorkin baten atxiloketaren lekuko izan zen. Hiru ertzainek "joka eta eskuak lotuta zeramatela", arreta deitu ziela azaldu du Laparrak. Errespetu faltagatik 100 euroko isuna jaso du. Bi urteko mugan beste infrakzioren bat leporatuko baliote Laparrak 3.000 eta 6.000 euro bitarteko isun bati egin beharko lioke aurre.
Erresistentzia ere zigortua izan da Mozal legeen aplikazioaren lehen sei hilabeteetan. Esaterako, "jarrera pasiboa izateagatik" eserialdi batean. Horrelakoetan "600 euroko isunak" izan direla salatu dute plataformako kideek.
"Uniformedun baten ahotsa eta nirea talka daude”
Zabalburun lagunekin zegoela, Udaltzaingoa etorkin bat arakatzen hasi zenean Saioa Albizuri begira geratu zen. Orduan udaltzain batek eraikin artera mugitu zuen. “Harraroa” iruditu zitzaion Saioari, eta hurbildu egin zen. Udaltzaina haserre joan zitzaion eta datuak eskatu zizkion. “Ez zen besterik egon”, dio Saioak. Bi hilabetera isuna heldu zitzaion, “Bilboko Udaltzaingoaren lana oztopatzeagatik”. Falta larria izateagatik 600 euro eskatzen dizkiote. SOS Arrazakeria elkartera jo du Saioak, eta elkartekideek alegazioa aurkezten lagundu diote. “Gauza luzea ematen du. Apurka-apurka egin beharko dugu aurrera; erraza ez du ematen izango denik, uniformedun baten ahotsa eta nirea talka daude”.
"EAJk ados agertu ez zen lege baten alde egiten du"
Gaurko agerraldian 'Mozal legeak' bezala ezagutzen diren legeen erreformen erabilpena ere salatu du plataformak. Besteak beste, EAJ alderdiaren jarrera, eztabaida unean babestu ez zuelako eta egun ezarri egiten duelako: "Madrilen bere garaian ados agertu ez zen lege baten alde egiten du EAJk, eta berak zuzentzen duen Segurtasun Sailean erabiltzen du egun".
Horregatik eskatu die "beste behin" Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak alderdi politikoei Hiritarren Segurtasunerako Legea "indargabetzeko" eta erakundeei "nork bere eragin eremuan ez ezartzeko".
Herritarrentzat ere izan dute mezurik. Lege "bidegabeen" aurrean, "intsumiso" agertzeko deia zabaldu dute eskubideak eta askatasuna defendatzeko modu gisa.