Eskola publikoarekiko "diskriminazioa eta utzikeria" salatu dute Ibaiondo barrutian

uriola.eus 2016ko mar. 18a, 12:48

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak "ez dute bete" Bilboko bosgarren barrutian (Ibaiondon) ikastetxe eta institutu publiko berriak konpontzeko eta eraikitzeko konpromisoa gaur hezkuntza-komunitateak salatu duenez. Ondorioz, sare publikoan "plazak falta" dira, eta "eskola-politika klasista eta baztertzaileak" aplikatzen dira. Erakundeen "utzikeriaren" aurrean, mobilizazioak iragarri dituzte.

San Adrian, Pagasarribide edota Iruarteta ikastetxeetan lau urte baino gehiago daramate agindutako lanak noiz egingo zain. Ibaiondo barrutiko hezkuntza-komunitatearen arabera, "ikasleek ez dute lekurik eta zentroak beteegi daude". Urteak joan eta urteak etorri, "justifikatu gabeko atzerapenak" direla eta, ikastetxe publikoetako komunitatea "suminduta" azaldu da gaur prentsaurrean.

"Onartezina iruditzen zaigu lanak agindu eta lau urtera oraindik ere Iruartetako ikasleek barrakoietan ikasi behar izatea, Pagasarribidek inora eramaten ez duen igarobide bat bakarrik izatea, eta San Adrian institutuak oraindik ez edukitzea datorren ikasturterako handitzea amaituta jakinik espazio-arazo handia duela edota azkenengo 13 hilabeteetan premiaz konpondu beharreko euste-hormak hondatuta jarraitzea".

Egoera ez da hobea barrutiko beheko auzoetan. Gaur gogoraratu dutenez, Solokoetxen, Atxurin, Alde Zaharrean eta Bilbo Zaharrean 12 urte daramate Campuzano institutuko heziketa-zikloetarako zentro bat aldarrikatzen, hain zuzen ere, "barrutiaren beheko alde osorako Bigarren Hezkuntzarako eta Batxillerrerako beste zentro bat".

Eusko Jaurlaritzaren "utzikeriaren" ondorioak asko dira, besteak beste, familiek euren etxeetatik urrun dauden ikastetxetara joan behar dute edota ikastetxe batzutan dagoen pilaketagatik barrakoiak baliatu behar dituzte ikasgela gisa. "Administrazioak badu obligazio jakin bat horrekin loturik: familiok kalitatezko ikastetxe publikoa gure auzoan bertan aukeratzeko dugun eskubidea jagotea". Baina, erakundeek "ezintasuna erakutsi dute konpromisoak betetzerakoan".

 

Itunpeko sarea babesten publikoaren kaltetan

Hamar urte baino gehiago daramate "borrokan" Ibaiondo barrutian sare publikoan hobekuntzak eskatuz. Bai Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari eskakizunak egiten bosgarren barrutiko auzoek izan dituzten "aldaketa demografiko eta urbanistiko izugarriei behar bezala erantzuteko". Hezkuntza-komunitatearen hitzetan, "zoritxarrez, behin eta berriz utzi dituzte bete gabe hartutako konpromisoak". Itunpeko zentro jakin batzuk, ordea, "fabore-tratua" izan dute administrazioaren aldetik. "Zentro horiek erraztasun ugari izan dituzte instalazioak handitzeko eta hobetzeko, bai aurrekontuei dagokionez bai hirigintzaren aldetik". Adibidetzat jarri dituzte Urretxindorra Ikastolaren lursailek "denbora espresean" eskuratu dute kalifikazio aldaketa Mercadonaren supermekatu berriaren mesedetan, edota Bilboko Udalak Gorteen kalean Ikastolen Federazioari egindako "lursailaren oparia" Harrobia Ikastola bertan eraikitzeko.

Ikastetxe publikoek, berriz, "ezezko biribila" izaten dute hobekuntzak eta babesa jasotzerako garain. "Obrak ikastetxe publikoetan baino ez dira atzeratzen, sekula ez gainerako sareetan. Ez gara itunpeko irakaskuntzaren kontrakoak, baina ez gaude itunpeko ikastetxeak sare publikoaren lepora handitzearen alde", argitu dute. 

Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udalaren aurrean "diskriminatuta" sentitzen dira, eta horregatik eskola publikoaren aldeko apustua egiteko eskatu diete: "Ez dugu nahi ghettorik gure auzoetan, ezta ikastetxe elitistarik. Urteak daramagu salatu eta salatu; gure auzoetan ezin daiteke egon lehen eta bigarren mailako ikastetxerik. Eusko Jaurlaritzak bere eskolaren aldeko apustua egin behar du. Eskola-banaketa amaituko duen euskal eskola publiko inklusiboaren aldelako apustua, alegia".

 

Mobilizazioak

Egoeraren berri emateko Eusko Legebiltzarrera jotzeko asmoa agertu dute gaurko prentsaurrean. Baita alderdi politikoengana ere. Izan ere, alderdien erdia baino gehiagorekin batzartu dira jada. Eta kalera ere eramango dute protesta. Maiatzerako "mobilizazio handi bat" iragarri dute.

 

Eskakizunak zehatz-mehatz

Bilboko Udalari

- Eman ditzala erraztasun handienak ahalik eta epe bizkorrenean ikastetxe publiko berriak eraikitzeko.

- Amai ditzala ikastetxeen mantentze-lanetako atzerapenak eta utzikeriak.

Eusko Jaurlaritzari

- Ikastetxe berriak eraikitzeko eta lehengoak handitzeko lanak ahalik eta gehin bizkortzea, konpromisoa hartuta bezala.

- Hel diezaiola behin betikoz eta seriotasunez Ibaiondo barrutiko eskola-plangintzari.

- Utz diezaiola sektore pribatu jakin batzuen interesen alde egiteari, eta egin dezala lan interes orokorraren alde. 

- Har ditzala indartze positiboko neurriak.

- Berrikus dezala hezkuntza-itunen egungo eredua, sare pribatua finantzatzen duena, alegia. 

 

Ibaiondo plataforma

Iruarteta HLHIko IGE, Gallego Gorria HLHIko IGE, Garcia Rivero HLHIko IGE, Miribilla HLHIko IGE, Mujika HLHIko IGE, Pagasarribide HLHIko IGE, Eskurtze BHIko IGE, San Adrian BHIko IGE eta Solokoetxe BHIko IGE. 

ieepanaiz.blogspot.com.es

[2016-03-17] Bilbon ikastetxe eta institutu publiko berriak eraikitzeko konpromiso falta salatuko dute

[2014-02-05] Jokin Alberdi eta Maria Silva, Ibaiondo plataformako kideak