Nor baino nor arraunean unibertsitariak

uriola.eus 2016ko mar. 23a, 08:00

Ostegunean, hilak 24, ospatuko da Deustuko Unibertsitateko eta Ingeniaritza Eskolako ikasleen arteko estropadaren 36. edizioa. 1981eko udaberrian hasitako tradizioa, hain zuzen ere. 13:00etan ekingo diote arraunari Erandiotik.

36. urtez unibertsitateen arteko lehia banku mugikorrean jokatuko da. Zortzina arraunlarik osatuko dituzte Deustuko Unibertsitateko eta Ingeniaritza Eskolako ikasleen taldeak. Estropada Bilboko itsasadarrean ospatuko da, ibilbidea lau itsas mailakoa izanik, guztira 7.408 metro. 

Antolatzaileek iragarri bezala, araudi zehatzak jarri dira ospakizunerako, besteak beste, urtero udaberrian jokatu behar izango dela lasterketa irabazlearentzako inolako saririk eman gabe. Bestalde, estropada baliogabetua eman daiteke lehen milia-laurdenean ustekabeko larriren bat gertatzen bada; horrela gertatzekotan, ahalik eta denbora laburenean bigarren irteera bat ahalbidetuko da. 

Orain arte, Ingeniariek 14 aldiz atera dira garaile, Deustuko Unibertsitateko ikasleak aldiz, 20. Bi talde lehiakideak desberdintzeko, lehenengoek uniforme urdina eramango dute; bigarrenek ostera, gorria. 

 

Ibilbidea

Desierto-Erandion hasiko da lasterketa, udaletxearen aurrean amaituz. Ibilbidea sei zuzengune nagusik osatzen dute. Estropadan, eremu horiek luzeak deitzen dira. Hauek izango dira luze horiek: Lutxanako luzea, Zorrotzako luzea, Erriberako luzea, Ontziolako luzea, Abandoko luzea eta Uribitarteko luzea.

Bost bihurgune ere aipatzea daude: Elorrietako bihurgunea, Zamalekuko bihurgunea, Olabeagako bihurgunea,Unibertsitateko bihurgunea eta La Salveko bihurgunea. Desierto-Erandion kokatutako irteerako lekutik aurrera, lehenengo milia Elorrietako bihurgunean betetzen da; bigarrena, Erriberako luzean; hirugarrena, Ontziolako luzean, eta laugarren milia, helmugako marran, Bilboko udaletxearen parean alegia.