Berria.eus agerkari digitalak adierazi duen bezala, Elkartzen elkarteak 11.938,65 euroan jarri du pobreziaren urteko muga Hego Euskal Herrian; hilean 994,8 euro baino gutxiagoko diru sarrera dutenak "pobrezian bizi" direla salatuz.
Plataformaren arabera, "pobreziaren muga gizarte desberdintasunak gutxitzeko tresna eraginkorra da. Aberastasuna banatzeko mekanismo automatikoa da, aberastasuna handitzen bada atalasearen kopurua ere handitu egiten baita; murriztuz gero, kopuru hori ere neurri berean murrizten da". Gaur egungoak baino lan baldintza "duinagoak" bermatzeko ere balio duela uste du Elkartzenek.
Alternatiba gisa, plataformak barne produktu gordinaren araberako sistema bat proposatu du. Nahiz eta pobreziarekin bukatzeko nahikoa ez izan, horrekin, lanbide arteko gutxieneko soldata ezingo da izan per capita BPGaren erdia baino gutxiago; hau da, Hego Euskal Herrian 1.326,51 euro izan beharko luke pobreziaren urteko muga. Aitzitik, Espainiako Gobernuak 655,20 euroan dauka ezarrita. Era berean, gizarte laguntzak ezingo dira izan per capita BPGaren %37,5 baino baxuagoak.