Bilbobusetan bizikidetza hobetzea jomuga

uriola.eus 2016ko api. 12a, 09:55

Argazkia: @AlfonsoGil

Bilbobus zerbitzuan bizikidetza hobetu nahi du Udalak, "arauak eta balioak indartu". Iaz 26 milioi erabiltzaile izan zituen Bilbobusek, eta kopuru hori urtez urte handiagoa da. Hori dela eta, Bilbobusek "bizikidetza onerako" arau eta jarraibide batzuk betetzea "garrantzitsua" dela gogorarazi nahi die erabiltzaileei. Kanpaina jarri du abian horretarako.

Bilbobus Zerbitzuaren Kalitatearen aldeko Itunak Bilbobusen erabiltzaileen zortzi eskubide eta zortzi betebeharretan jartzen du azpimarra. "Jarrera jakin batzuk integratuta eta arau erraz batzuk ikasita Bilbobusen bizikidetza hobea izango da", Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotzi Alfonso Gilen hitzetan.  

Kanpaina atzo hasi zen eta ekainaren 5a bitartean luzatuko da. Guztira, zortzi aste dira, eta aste bakoitzean eskubide eta betebehar bana landuko dira. Aste bakoitzean Bilbobusen autobusetan flyer bat banatuko da. Flyer horretan eskubide eta betebehar bana agertuko da. Gainera, esloganak dituzten biniloak jarriko dira markesinetan kanpainaren zortzi astetan.

 

Astelehenetan autobusetan antzerkia

Kanpaina egin bitartean, astelehenetan, Bilbobusen autobusetan antzezpena eskainiko dute Mikel eta Begoña pertsonajeek. Autobusen begiratzaile bitxiak dira, joan zen mendekoak. Bilbo hiriko garraio publikoaren erabilera onaren alde lan bikaina egin dute 20 urtean. Hori dela-eta, denboran bidaia egiteko eta XXI. mendeko Bilbo modernoa deskubritzeko aukeratuak izan dira. Autobusen zale handiak dira eta erabilera onaren aldeko sutsuak. Orain Bilbo hiriko garraio kolektiboaren erabiltzaileek dituzten eskubide eta betebehar berriak zeintzuk diren jakin nahi dute. Astero flyer eta binilo bidez gogoraraziko diren eskubideez eta betebeharrez baliatuko dira Mikel eta Begoña geralekuetan eta bidaian bertan egoera komikoak sortzeko. Bidaiariekiko begiruneaz eta horiei molestiarik eragin gabe, agerian utziko dituzte arauak, Bilboko mutur batetik bestera. Begiratzaile horiek lineaz aldatuko dira sarritan hiriko auzo batzuetara heltzeko.

 

Lehiaketa facebooken

Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak, kanpainaren barruan, apirilaren 25ean, Gautxorik facebooken duen orrian lehiaketa bat abian jarriko du: Quiz Bilbao jokoa. Joko hau Bilbobus autobus urbanoen zerbitzuarekin eta erabiltzaileen eskubideekin eta betebeharrekin zerikusia daukaten galderen eta erantzunen tribiala da. Gainera, Bilbori buruzko galdera orokorrak daude: historia, bitxikeriak… Lehiaketa irabazteko, ondo erantzun behar dira galdera guztiak, puntuaziorik gorena lortzeko. Lehiaketa maiatzaren 15ean amaituko da. Asmatzaileen artean zozketa bat egingo da, maiatzaren 19an Bilbon Harlem Globetrotters ikusteko pertsona birentzako sarrera emateko.

 

Bilbobuseko erabiltzaileentzat 8 eskubide eta 8 betebehar 

1. Igo aurretik eta jaitsi atzetik. 
2. Eta gurpil-aulkian bazoaz, eskatu arrapala.

3. Autobus-aldaketa bat egin dezakezu prezio berean.
4. Eta gogoratu garestiagoa dela titulu barik bidaiatzea.

5. Bilbobus geralekuetan bakarrik geratzen da. 
6. Autobusaren barruan karga dezakezu eskuko telefonoa.

7. Geralekuan ohartarazi gidaria geratu dadin.
8. Bilbobusen sakatu geratzeko botoia.

9. Joan atzeko aldera, leku gehiago dago-eta.
10. Kamerak ditugu zure segurtasunerako.

11. Ezin da zaratarik atera, ez jan, ez molestatu.
12. baina gida-txakurrak ekar daitezke; gainerako maskotak ere bai, transportinean.

13. Hasierako geralekuan sar zaitezke, bakarrik gidaria dagoenean.
14. Eta hobetzen lagundu nahi badiguzu, jakinarazi guri.

15. Jarleku urdinak, behar dituztenentzat.
16. Eta marra urdina haurren aulkietarako.