"Salbuespenezko" espetxe politika "Bilbo hiriaren errealitatea ere badela" adierazi dute preso ohiek

uriola.eus 2016ko api. 14a, 12:01

Udaletxeko eskaileretan 40 bat preso ohi elkartu dira. Bilboko Udalak "tamaina erreala duen ziega bat kalean jartzeko baimena" ukatu diela salatzea izan dute xede. "Eta hori gure hiriaren errealitate ere badela" aldarrikatzeko egin dute agerraldia. 

Bilboko Udalaren jarrera publikoki salatzeko 40 bat preso ohi bildu ziren atzo arratsaldean Udaletxeko eskaileretan. Izan ere, igandean Bilbon 1.600 preso eta iheslari ohiek deitu duten manifestazioaren harira, kartzeletako egoera irudikatu nahi izan dute aste honetan tamaina errealeko ziega bat kalean paratuz. Udalak ez die baimenik eman. Hasieran "arazo teknikoak" argudiatuz eta gero "interes eta sentsibilitate gatazka" argudiatuz. 

Azken hamarkadetan "milaka bilbotarrek" pairatu duten "salbuespenezko espetxe politika" eta hori gure hiriaren errealitatea ere bada" ezkutatzea leporatu diote preso ohiek EAJ alderdiak zuzentzen duen udal gobernuari: "Zergatik Bilboko EAJk ez du nahi bilbotarrek ikustea nola eta zein baldintzetan bizi diren euskal preso politikoak egun, 2016an, Espainiako kartzeletan? Zergatik Bilboko EAJk ez du nahi ezagutzea, egun, 2016an, gertuen dagoen euskal preso bilbotarra Bilbotik ia 300 kilometrora dagoela (Asturiasen) eta urrunen dagoena 1.055 kilometrora dagoela (Algecirasen)?". 

40 preso bilbotarrek "salbuespen-egoera" bizi dutela plazaratu nahi izan dute agerraldiaren bitartez. "Legedi berezia, neurri bereziak, katxeo bereziak...". Egoera are bereziagoa da Harriet Iragi eta Arantza Zuluetarena, "isolamenduan", Ibon Goieaskoetxearena, "ikasteari utzi behar izan dio", Itziar Plazarena "zigor ziegan", edota Iurgi Garitagoitiarena, "borroka bat hasi behar izan du kartzelak bertan behera utzi dituelako orain arteko bizibaldintza duin guztiak". Errealitate hori ziega baten bitartez kalera atera nahi duten arren, Udalaren ukoaren ostean, "beste formula bat" bilatuko dutela iragarri dute. 

Ruben Nieto preso ohiaren arabera, "herri oso batek aurrepausoak ematen dituen bitartean, batzuk atzera begira eta blokean eroso bizi dira". Eta egoera hau, batez ere, "uler daiteke", Urkullu lehendakariak "dispertsioen onurei buruz hilabete honen hasieran azken adierazpenak kontutan hartuta eta edota Bilboko PNVk otsaileko Udalbatzan PP eta PSErekin batera, dispertsioaren kontra Etxeratek aurkeztutako azken mozioa atzera bota duela ikusita". 

 

Igandeko manifestazioarekin bat

Babesa agertu diete preso ohiek egun preso daudenei. "Ez daudela bakarrik" adierazi diete. Ondoan izango dituztela jakinarazi diete. "Jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko haien borrokaldietan", Euskal Herrian egoteko "eman eta emango dituzten urratsetan" eta "etxeratzearen aldeko urratsetan". 

Horretarako, salpuespen-legedia "astindu beharra" azpimarratu dute, sakabanaketarekin "bukatu beharra". Ruben Nietoren hitzetan, legedia astintzeko "gehiengo sozial zabalak eraginkor bihurtu beharko du irekitako eszenatoki berria" konpromisoaren bitartez, eta konpromisoen pilaketa bidean, "guk gureak hartzeko prest gaude", adierazi du preso ohien izenean. Igande eguerdian, preso ohiek kalean erakutsiko dute konpromiso hori, Bilbon 'Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera' lelopean deitu duten manifestazioan. "Etxean nahi eta behar ditugulako". 

 

Amnistiaren norabidean

Gaur, hilak 14, Julen Larrinaga eta Fernando Diez Bilboko preso ohiek 'Amnistiaren norabidean' izeneko hitzaldi-tertulian parte hartuko dute Indautxuko Kirruli elkartean.