PPren aurrean kontzentratuko dira frankismoaren krimenen aurkako kereilako kideak

uriola.eus 2016ko api. 15a, 08:00

Apirileko Udalbatzan PP alderdiak aurkeztuko duen moziak zalaparta sortu du. 1937ko urtarrilaren 4an Bilboko kartzelak "bortizki erasotu" zituztenean "erailak izan ziren 200 lagun baino gehiago" omentzeko eskaera egingo dute popularrek. Gehienak eskuindarrak eta erregimenaren aldekoak ziren. Mozioaren aurka kontzentratuko da PPren egoitza aurrean Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma. 

Erailak izan ziren 200 lagun baino gehiago "omentzeko" eta euren "oroitzapena mantentzeko" konpromisoa har dezatela eskatuko dute popularrek. Eskaria hurrengo asteko Udalbatzan aurkeztuko dute eta, onartua izanez gero, Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeari eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote ondoren. 1937ko urtarrilaren 4an Bilboko kartzelak "bortizki erasotzean" erail zituzten biktimen eta horien senideek "erakunde demokratikoen eta bere hiritarren aitortza jaso dezatela", nahi du Bilboko Udaleko popularren taldeak mozio honen bitartez.

PPren proposamenaren berri izatean, harridura adierazi du Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak. Ironiaz aipatu du: "Bai harrigarria, PP memoriazalea egin zaigu". Mozio honekin "gurutzada sainduko martiriei eginiko omenaldi frankistak berreskuratu nahi ditu" PPk. Hori horrela plataformak elkarretaratzea iragarri du larunbatean, hilak 16, PPren egoitza aurrean (Kale Nagusia 89). Eguerdian kontzentratuko da 'Atzo eta gaurko frankismoaren kontra' lelopean.

 

[Iritzia] Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma

Bai harrigarria! PP memoriazalea egin zaigu!

Ez zaudete konforme ETAren biktimen erabilera interesatuak emandako ondorioekin eta orain, Udalari eta Jaurlaritzari zuzendutako mozioan ikus daitekeenez, 1937ko urtarrilaren 4ko biktimez baliatu nahi duzue. Beti bezala, biktimekin jokatu nahi duzue, zuen probetxurako eta komenientziazko kontakizuna moldatuaz. 

Zergatik ez duzue gogoratzen 'gerra zibila' deiturikoa ez zela izan meteoro batek eragina, baizik Franco eta lau jeneral militarrek sortu zutela Elizaren laguntzaz, legezko Errepublikaren aurka, milioika hildako eraginaz? Zergatik ez duzue gogoratzen nazi eta faxista hegazkinen bonbardaketa sistematikoa eta errukigabeen zaparrada, Gernika, Durango, Otxandio, Eibar, etab., etab... eta Bilboko poblazio zibil eta desarmatua masakratuz, hildako kopurua handia probokatuz? Bereziki bonbardaketa bat izan zen zorigaiztoko arratsalde hartan jendartearen haserrea piztu zuena. Bi puntu garrantzitsu hauek ahaztu dituzue zuen kontakizunean, memoriari baino memoriari-ezari atxikirik.

Antza, asko eragozten dizute 'memoria historikoaren eskuratzeak eta frankismoaren eta gerra zibileko biktimen aldeko onespenak', Estatuan eta euskal gizartean gora egin dutelako, 80 urtetako isiltasuna eta laido askoren ondoren. Zuen mozioaz horixe eraso nahi duzue. Beste sarkasmo bat gehiago, diktadura luzearen ostean eta Trantsizioaren inpunitatearen ondorioz. 

Zergatik isiltzen duzue PPren Gobernuak ez duela euro bat eman legealdi osoan memoriaren kausarako, eta bai, ordea, Franco Fundazioari eta Valle de los Caidoseko ospakizunetarako? Zergatik ireki duzue Gasteizko Memoria Zentroa, eraikin ederrean eta dirutza handiaz, soil-soilik ETAren biktimen oroitzarako eta ez gerrako biktimen oroimenerako, hainbesteko axola badizue? Zergatik blokeatzen dituzue sistematikoki Argentinako Kereilak espainiar Zuzenbideari zuzendu dizkion eskari edo esortoak, politiko eta torturatzaile inputatuak deportatu edo aitorpenetara behartzen, giza legearen kontrako krimenen autore direlakoz? Zergatik ez diezue jaramonik egiten NBEko Giza Eskubideen Batzordearen edo Nazioarteko Amnistiaren gomendioei? 

Errespetu handia diegu urtarrilaren 4an Bilbon hildakoei, zuek orain zuen zentzu gabeko eskaerarekin estropeatzeko. Hainbat eta hainbat ospakizun, kondekorazio, mila monumentu bazter denetan, kale eta plazak izenpetuz, kardinalen presentziaz elizkizunak, Vaticanoak milatik gora Gurutzadako semetzat beatifikatuak, etab., etab. Bi urte erretiratu zirela frankista alkateen koadroak, adibidez, Pilar Careagarena, kanje bati esker libratua Larrinaga kartzelatik, non atxiloturik zegoen ez karidadeko obragatik, baizik Falangeko ekintza armatuagatik. 

Zoritxarrez, fartsazko sumarisimoen bidez ala ez, indar nazional frankistak hildako 140 mila desagertuetatik, asko eta asko ez zituzten gutxienez erregistratu beren udaletan, isiltasunera eta areago, desagerpen fisikora kondenatuz. 

Utz gaitzazue gureak justiziaz gogoratzen eta duintasunez omentzen, gehiegikeriarik gabe, zuek 80 urtetan egin duzuen bezala, beste biktimak erabat ahaztuaz.

 

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma