Gatazka politikoaren "ondorio" diren preso eta iheslariek, "eragile politiko" bezala, "ezinbesteko parte-hartzea" izan behar dutela defendatuko dute igandean Bilboko kaleetan. Agenda politikoan "txertatuta" egon nahi dute, murriztu zaien espazioa zabaldu eta "lehen lerroa" berreskuratu. Beti ere, "burujabetzaren perspektiban" eta "independentziarako bidean", euren papera "oso garrantzisua" dela nabarmendu nahi dute.
Jakin badakite, "formula bakarra" jendartearen babesa lortzea dela. "Euskal gizartearen inplikazio zabala" eskuratzea, besteak beste, sakabanatutako preso eta iheslariak "etxera ekarriko baditugu". Mikel Etxaburu preso ohiaren esanetan, "Madrilen zain egon gabe", pausoak Euskal Herrian eman behar dira. Zentzu horretan, "bultzada euskal gizartearen motibazioan eta indarrean kokatzean datza; norabide horretan urrats batzuk eragiteko intentzioarekin" egin dute igandeko manifestaziorako deia.
Euskal Herriak bizi duen "egoera berriari" ekarpenak egiteko prest agertu dira preso ohiak. Mikel Etxaburuk azaldu duenez, "konpromisoak denonak dira, eta guk gure konpromisoa hartu dugu". Igandean, hilak 17, kaleratuko dute konpromiso hori eguerdian. Manifestazioa La Casillatik irtengo da eta Udaletxean amaituko da.
Hiriaren errealitatea ezkutatzea leporatu diote Udalari Bilboko preso ohiek
Bilboko Udalaren jarrera publikoki salatzeko 40 bat preso ohi bildu ziren joan den asteazkenean Udaletxeko eskaileretan. Izan ere, igandean Bilbon 1.600 preso eta iheslari ohiek deitu duten manifestazioaren harira, kartzeletako egoera irudikatu nahi izan dute aste honetan tamaina errealeko ziega bat kalean paratuz. Udalak ez die baimenik eman. Hasieran "arazo teknikoak" argudiatuz eta gero "interes eta sentsibilitate gatazka" argudiatuz. Azken hamarkadetan "milaka bilbotarrek" pairatu duten "salbuespenezko espetxe politika" —eta hori gure hiriaren errealitatea ere bada"— ezkutatzea leporatu diote preso ohiek EAJ alderdiak zuzentzen duen udal gobernuari. Udalaren ukoaren ostean, "beste formula bat" bilatuko dutela iragarri dute.