"Gure industriaren defentsan", sindikatuak bateratuta manifestatuko dira larunbatean

uriola.eus 2016ko api. 20a, 11:00

Iberdrolako Akziodunen Batzordearen aurrean langileen protestaldia

Ez ohiko irudia erakutsiko dute Euskal Herriko sindikatu nagusiek Bilboko kaleetan apirilaren 23an. Bat eginda agertuko dira, besteak beste, ELA, LAB, CCOO eta UGT "sektore estrategikoen aldeko apusturik ez dagoela" salatzeko. Agintarien kezka "proiektu konkretuak ateratzea baino, propaganda egitea dela" diote.

Azken hileetan Euskal Herriko enpresa industrialetan itxierak edota kaleratze masiboak egiteko erabakiak hartu dituzte. Hamarkadetan "industri-politikarik izan ez delako" eta gobernuak "botere ekonomikoaren esanetara daudelako" gertatu dira lantegien itxierak eta beharginen kaleratzeak ELA, LAB, CCOO eta UGTren esanetan: "Agintariek lehentasuna propaganda dute, eta erreforma laboralaren moduko legeak ezartzen dituzte, gero enpresei halako erabakiak hartzeko aukera ematen dietenak".

Euskal Herriko enpresa industrial "asko eta asko" multinazionalen esku daude egun. Testuinguru honetan, gobernuek erabakiguneak hemendik kanpora eramateko prozesua "sustatu" dute. "Txaloka hasi dira Euskal Herriko enpresa bat saltzen zen bakoitzean", salatu dute sindikatuek. Horregatik diote "guztiz beharrezkoa" dela "gure industriaren defentsan" eta "benetako politika industrial baten alde", instituzio desberdinek apostu egitea.

"Sektore estrategikoen aldeko apusturik ez dago; orain banku bihurtuta, kutxek zituzten partaidetza industrialak saltzen ari dira. Agintarien kezka ez da proiektu konkretuak ateratzea, propaganda egitea baizik. Azken asteotan agerian geratu da arduradun instituzionalek herri honetako industria ez dutela bat ere ondo ezagutzen. Adibidez, Euskal Herria pairatzen ari den altzairugintzaren krisia dela eta".

ELA, LAB, CCOO eta UGTren aburuz, milaka familiaren etorkizuna zalantzan dago. Lantegi baten itxierak plantillako langileei ez ezik azpikontratetako jendeari, garraiolariei eta fabrika dagoen herriari edo hiriari ere eragiten dielako.

ESK eta STEILASek ere bat egin dute mobilizazioarekin. Prest agertu dira Euskal Herriko langileen borrokari babesa emateko. "Etekinak lortzea beste helbururik ez duten multinazionalei duintasunez aurre egiteko".

Larunbatean, hilak 23, eguerditik aurrera, "Gure industriaren defentsan, por una política industrial real" mezua zabalduko dute Jesusen Bihotzetik abiatuta. Sei sindikatuek dei egin diete borrokan dauden enpresa-batzordeei eta elkartasuna adierazi nahi duten guztiei manifestazioarekin bat egitera.

Manifestaziorako atxikimendua eman duten enpresa-batzordeetako batzuk Arcelor Sestao, Tecnichapa, Mecanicas Mallabia, Vicinay edota Negarra dira.