Ama Lurraren egunerako zenbait ekintza Ekologistak Martxanen eskutik

uriola.eus 2016ko api. 22a, 09:04

Ama Lurraren Nazioarteko eguna dela eta, gaur, Ekologistak Martxanek Hiri-Baratzei buruzko jardunaldia antolatu du Ekoetxean. Bertan, Barakaldoko eta Bilboko hiriguneetatik gertu martxan dauden bi proiektu agroekologikoren berri emango dute. Bestalde, beste bi ekitaldi prestatu dituzte datorren larunbata, hilak 23, eta hilaren 26rako. 

Atzo egindako prentsaurrekoan Ekologistak Martxanek klima-aldaketari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritza "borondate-falta nabarmena" erakusten ari dela salatu zuen. Beraien esanetan, "jarrera guztiz kontraesankorra darabil fracking-ari dagokionez, energia berriztagarrien ezarpenerako ezarri dituen xedeak oso pobreak dira, eta apustu handia egiten ari da gas naturalaren alde".

Lurraren Egunaren ospakizunaren harira, gaur eta datozen hurrengo egunetan zenbait hitzaldi antolatu dituela iragarri du plataformak. Gaur, Ekologistak Martxanek Hiri-Baratzeei buruzko Jardunaldia antolatu du Ekoetxean, 19:00etan. Bertan, hiriguneetatik oso gertu lanean ari diren bi proiektu agroekologikoren berri emango dute: Huertaka, Barakaldon, eta Auzoko Baratza Desazkundea Bilboko Uribarri auzoan.  

Bihar aldiz, hilak 23, Greenpeacek hitzaldia antolatu du, Txernobylgo istripu nuklearraren 30. urteurrena dela eta. Horretarako, Svitlana Shmagailo ekintzaile ukrainarra eta Greenpeaceko energia nuklearraren kanpainaren arduradun Raquel Monton izango dira hitzaldiko partaide. Shmagailok istripuaren ondorio sozialak eta poluzio-eremuaren barruko bizitza azalduko ditu; Montonek, aldiz, Japoniako eskualde kutsatuetako eremuetan ikusi duen egoeraren berri emango du. 

Azkenik, apirilaren 26an, 13:00etan, Garoñaren Kontrako Foroak ekintza bat gauzatuko du Osakidetzak Bilbon duen egoitzan, istripu nuklearra gertatuz gero, administrazioak biztanleak babesteko dituen baliabide eskasak salatzeko.

'La Huertaka' eta 'Auzoko Baratza Desazkundea'

Industrigunea eta auzoaren artean dagoen Lutxanako berdegune batean sortu zuten duela hiru urte La Huertaka izeneko hiri-baratz proiektua. Lagun arteko ahaleginari esker, "esperientzia oso aberatsa" dela adierazi dute La Huertaka kolektiboko kideek eta "herri-jakinduria" eta "hiria eta naturaren arteko lotura" bultzatzen dituela nabarmendu dute. 

Lutxanan bezala Bilbon ere bada beste hiri-baratz proiektu bat abian. Auzoko Baratza Desazkundea komunitateak Uribarri auzoan duen baratze ekologikoa, alegia. Desazkunde bilgunetik jaioa. "Gure elikagai propioak ekoizteko bidea sortzea, kimikorik gabekoak, elikadura burujabetza zabaltzea eta bizimodu osasuntsuagoa eta naturarekiko arduratsuagoa sustatzea" du xede. 

 

350.0rg Nazioarteko Kanpaina 

Maiatzean zehar, mundu mailako aktibistek ekintza zuzenak garatuko dituzte erregai fosiletako proiekturik arriskutsuenen aurka: ikatza, petrolioa eta gasa lur azpian utzi eta %100 berriztagarriak diren energietan oinarrituriko "mundu bidezkoago bat lortzeko trantsizioa sustatuz". Zentzu honetan, deialdia egiten duten taldeek jakitera eman dute, Euskal Herrian hainbat ekintza antolatu dituztela. Horien artean, Txirrinka nabarmendu dute, maiatzaren 20tik 22ra bitartean Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurka garatuko den bizikleta ibilaldia, "guk sortzen dugun aztarna ekologikoa eta CO2 isurien murrizketaren aldeko borrokekin bat eginez". 

Bestetik, hiri txirrindularien Biziz-Bizi taldeak Bizikleta Eguna antolatu du maiatzaren 8an. Helburua: "Kotxea protagonista ez duen bestelako hiri-eredua aldarrikatzea, mugikortasun jasangarri eta aktiboari lehentasuna emanez eta CO2 isuriak murriztuz". Era beran, erregai fosilen industriaren aurrean zenbait protesta ekintza ere egongo dira, talde ekologisten aldetik. Aipatu dutenez, Fracking Ez taldeak, Estatu Espainiarrak EAEko frackingaren inguruko legeari egindako helegiteari erantzuteko mobilizazioak egingo ditu.

 

www.ekologistakmartxan.org/