Lau urte igaro dira 2012ko apirilean Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua onartu zenetik, eta ELD horren aplikazioak "gaitzespen sozial, politiko eta instituzional handia eragin du", Bilboko Udaleko EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Goazen Bilbao udal taldeen arabera. Batik bat, dekretuak barne hartzen dituen neurri askok "oinarrizko gizarte-akordioak hausten dituztelako". Horietako batzuk "oso kontuzkoak eta funtsezkoak". Esate baterako "osasun-arreta unibertsala eta farmazia-produktuen baterako ordainketa", besteak beste.
Lau talde politikoek publiko egin duten komunikatuan diote 16/2012 Errege Lege Dekretua "gatazka-iturri etengabe" bihurtu dela autonomia erkidegoen eta gobernu zentralaren artean, "behar bezalako adostasunik eta koordinaziorik gabe" egin zelako, eta horrela, osasun-arloko eskumen autonomikoak "guztiz hustu" direlako. Horren ondorioz, zenbait autonomia erkidegok, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa jarri dute Errege Dekretu horren kontra.
Bilboko Udala "ezin da alde batera geratu gure hiritarrengan ere eragina duen arazo bat dela kontuan hartuz". Hori dela eta, eskatu die Udalak Gobernu zentralari eta Diputatuen Kongresuari "legegintza-erreforma bat susta dezala 16/2012 Errege Dekretuan jaso diren eta gizarte-kohesiorako oinarrizko elementuak ukitzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoaren nahiz beste autonomia-erkidego batzuen eskumenak urratzen dituzten neurriak baztertzeko".
Argazkia: www.lamarea.com