Sakabanaketarekin bukatzeko furgoneta martxa Mirentxin elkartearen eskutik

uriola.eus 2016ko api. 28a, 12:05

Datorren maiatzaren 7a zehaztu du Mirentxin Gidarien elkarteak sakabanaketarekin amaitzea aldarrikatzeaz gain, salbuespen neurri horren ondorioz kalteturik irtetzen diren euskal presoen lagun eta senideak omentzeko eguna. Egun osoko egitarauarekin, "Azken bidaia izan dadila" lelopean, martxa Larrabetzun hasi, Bilbo zeharkatu eta bueltan joango da Larrabetzura. Bilboko zenbait puntutan hainbat ekintza egingo dira dispertsioaren ondorio eta eszenak irudikatuz. 

Datorren maiatzaren 7an, furgoneta martxa aterako da Larrabetzutik, sakabanaketak sortutako ondorioak salatu eta astero errepideetan senide eta lagunak ikusteko kilometroak egin behar dituzten pertsona oro omentzeko asmoz. 

Ekimenarekin bi helburu zehatz markatu ditu Mirentxin elkarteak: batetik, sakabanaketarekin amaitzeko premiaz, horrek sortutako ondorioak ikustaraztea. Horretarako Larrabetzun hasita, Bilbo zeharkatu eta Larrabetzun bukatuko den martxan, gutxienez preso bakoitzeko furgoneta bat egongo da. Horrez gain, ibilbide osoan zehar, dispertsioak sortutako ondorio eta eszenak ikustarazteko performance ezberdinak egingo dira. 

Bestetik, Larrabetzun "elkartasun uholde ikaragarria" antolatu da, egun osoko egitarauarekin; astebururo errepideetan ari diren herritarrak omentzeko asmoz. 

Elkarteak azaldu bezala, 1987. urtean abian jarritako dispertsio politikak urte luzeetan errepideetan hamaika istripu sortu dituen fenomenoa da, hildako eta zauritutako senide eta lagunak eraman dituenak. Istripu horien ondorioz, 16 dira guztira errepideetan bizitza galdu duten senide eta lagunak, ehundaka zaurituez aparte. Horretaz gain, astebururo herritarrek egin behar dituzten milaka kilometroek kostu ekonomiko zein emozional eta psikologikoak sortzen ditu. 

Mirentxin gidariak

Mirentxin Gidariak dispertsioak kaltetzen dituen lagunengan dituen ondorio lazgarriak arintzeko asmoz sortu zen. Euren helburua, astebururo milaka kilometro egitera behartuta dauden euskal presoen senideak laguntzea da. Horregatik, hainbat bolondrez bildu ziren eta senide eta lagunei bidaian lasai joateko aukera eskaintzeko asmoz, elkartasun keinua abiarazi zuten euren kotxe, furgoneta eta karabanekin.

Elkartearen izena Mirentxin Aurrekoetxearen omenez ezarri zen. Mirentxinek Algeciraseko espetxean zuen senarra preso, eta ez zeukan inongo modurik hura ikusten joateko. Ondorioz, gaur egun Mirentxineko gidaria den lagun batek bera laguntzeko hautua egin zuen. Horrela, Mirentxinen egoera arintzeko asmoz sare moduko bat osatu zen; eta Euskal Herriko beste senide eta lagunei laguntzeko asmoz, sarea zabalduz joan zen gaur egun arte.