Kirol udalekuetan 2.115 plaza eskainiko dira aurten ume eta gazteentzat

uriola.eus 2016ko api. 29a, 09:43

'Udan primeran kirola eginez' programan dinamika "atseginak eta entretenigarriak" eskaintzen ditu Bilbao Kirolakek 3 eta 17 urte bitarteko ume eta gazteentzat, euren hezkuntza eta gizarte mailako prozesurako. Aukera ematen zaie jarduera ludikoak eta kirola egiteko eta eskaintza honen bidez, gurasoei familia eta lana bateratzeko era ematen zaie umeak oporretan diren bitartean.

Bilbao Kirolakek antolatutako 'Udan primeran kirola eginez' programaren helburua kirolaren praktika bultzatzea da umeen artean eta, horretarako, kirol askotako plan ludikoa eta atsegina eskaintzen du ekaineko azken astetik uztaileko azkenekora arte.

Aurtengo eskaintza, euskaraz eta gaztelaniaz, honela dago banatuta: alde batetik, dibertsitate funtzionala duten 6-17 urteko gaztetxoentzat 60 plaza egongo dira eta, bestetik, 1.845 plaza 6-12 urteko umeentzat eta, azkenik, 210 plaza 13-15 urteko gaztetxoentzat.

Dibertsitate funtzionala duten 6-17 urteko gazteentzako programa Errekaldeko eta San Ignazioko kiroldegietan gauzatuko da, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Jarduerak, berriz, hauek: ur-jokoak, igerilekua, saskibaloia, eskubaloia, futbola, areto‑futbola, beisbola, herri-kirolak, tenisa, esku-pilota, pala eta jarduera osagarriak.

Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren bitartez eman behar da izena, 94 441 31 81 telefonora deituta.

6-12 urte bitarteko umeei zuzendutako 'Udan primeran kirola eginez' programa Artxandako, Deustuko, San Ignazioko eta Txurdinagako kiroldegietan egingo da, jarduera hauekin: ur‑jokoak, igerilekua, jolas ezagunak, taldekako kirolaren hastapenak, herri-kirolak, tenisa. padela (Artxanda eta San Ignazio) edo esku-pilota eta pala.

Aldiz, 13-15 urteko gazteei zuzendutako programa Errekaldeko kiroldegian egingo da, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Jarduerak: ur-jokoak, taldeko kirolak, herri-kirolak, tenisa, esku-pilota eta pala eta jarduera osagarriak.

Kirol-kategoria bietan izena emateko epea gaur, apirilaren 29an, hasiko da Bilbao Kirolakeko abonatuentzat eta maiatzaren 2an abonatuak ez direnentzat. Inskripzio guztiak zein-nahi kiroldegitako salmentarako makinetan egin behar dira edota www.bilbaokirolak.com web orriaren bidez.