Ordu biko lanuzteak egingo dituzte Bizkaibuseko langileek goizez eta arratsaldez

uriola.eus 2016ko mai. 4a, 07:00

Maiatzean lanuzteak gogortzea erabaki dute sindikatuek. Goiz eta arratsaldeko txandetan bi, hiru eta lau orduko lanuzteak iragarri dituzte Bizkaibus zerbitzuan. "Akziodunen artean dibidenduak banatu dituzten bitartean", Bizkaibuseko enpresa guztiek "lan-baldintzak okertu dituztela" salatuko dute langileek. 

Bizkaibusen negoziazio kolektiboan daude murgildurik, eta horrelakoetan ELA sindikatuaren esanetan, "gertatu ohi den bezala", enpresek "betiko leloak" errepikatzen dituzte. "Dirua galtzen ari gara", "negozioak ez du ematen" eta antzekoak. 

Ez da egia ELAren arabera Bizkaibuseko lineak kudeatzen dituzten enpresek dirua galtzen dutela. Eta hori frogatzeko Merkataritza Erregistrora jo du sindikatuak. Datuok ikusgai daude edonorentzat eta, datu horien arabera, gastu guztiak ordaindu ostean (zuzendaritza-gastuak, senideei pabilioiak alokatzeagatik ordaindutako dirua…), Bizkaibuseko enpresek "hiru urtetan 20 milioi euro baino gehiagoko dirutza atera dute etekinetan".

"Langileen lan-baldintzak, ostera, gero eta txarragoak dira, lanpostuak amortizatzen dituzte, hitzarmenak eta akordioak urratu, lanaldi partzialeko kontratuak egin, lanaldiak zatitu… baina argi izan behar dugu hori guztia helburu bakar batez egiten dutela: mozkinak ugaltzea. Aseezinak dira, gero eta gehiago irabazi gura dute".

Hori dela eta, maiatzean lanuzteak gogortzea erabaki dute sindikatuek. Goiz eta arratsaldeko txandetan bi, hiru eta lau orduko lanuzteak iragarri dituzte.

 

Maiatzeko lanuzteak

Maiatzaren 4, 9, 12, 16, 18 eta 20an (ordu biko lanuzteak 07:30etik 09:30era, goizez, eta 18:00etatik 20:00etara, arratsaldez).

Maiatzaren 23, 24, 25 eta 26an (hiru orduko lanuzteak 07:00etatik 10:00etara, goizez, eta 17:30etik 20:30era, arratsaldez).

Maiatzaren 30ean eta 31n eta ekainaren 8, 9 eta 10ean (lau orduko lanuzteak 07:00etatik 11:00etara, goizez, eta 17:00etatik 21:00etara, arratsaldez).

Gutxieneko zerbitzuak izango dira lanuezteek iraun bitartean.

www.bizkaia.eus

www.ela.eus