Epaiketa politikoen bukaera eta 47 auzipetuen absoluzioa eskatzeko kalera aterako dira gaur ainbat auzotan

uriola.eus 2016ko mai. 9a, 09:12

Apirilaren 22an zabaldu zen albistea; Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak presoen inguruko 47 lagun auziperatu zituen "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita eta denek, maiatzean zehar deklaratu beharko dute. Hauetatik 10 bilbotarrak dira eta ondorioz, gaur, maiatzak 9, elkarretaratzeak deitu dituzte Alde Zaharrean, Deustun, Indautxun eta Santutxun.

Jake, Mate eta Pastor operazioetan atxilotutakoak dira 47 auzipetuak; hau da, Herrira-ren kontra egindako operazioan, EPPKren bitartekarien aurkakoan, abokatuen kontra egindakoan, eta Etxerat zein Jaiki Hadiko kideen aurka (2015eko martxoak 26) egindakoan atxilotutakoak.

  • Herrira-ren aurkako operazioa: 2013ko irailean, Guardia Zibilak Herrira-ren aurkako operazioa egin zuen Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Hernanin, guztira 18 lagun atxilotuta: Jexux Mari Aldunberri, Jon Garai, Jose Antonio Fernandez, Nagore Garcia, Sergio Labaien, Manu Ugartemendia, Eneko Villegas, Roberto Noval (Deustua), Ibon Meñika eta Oscar Sanchez Hernanin. Horiez gain, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Imanol Karrera, Fran Balda, Beñat Zarrabeitia (Indautxu), Ane Zelaia eta Gorka Gonzalez. Eloy Velasco epaileak Herrira-ren egoitzak ixteko agindua eman zuen eta bankuetako zein sare sozialetako kontuak blokeatzearena. 18ak inputatu bazituzten ere, 2013ko urriaren 4an aske utzi zituzten bermea ordainduta eta Herrira-ren jarduerak gutxienez bi urterako debekatu eta gero. 

  • EPPKren bitartekarien aurkako operazioa: 2014ko urtarrilaren 8an, "ETAko kartzeletako frontea osatzea eta espetxeetako koordinazio taldeko kide izatea" leporatuta zortzi abokatu atxilotu zituen Guardia Zibilak Bilbon, Donostian eta Iruñean: Arantza Zulueta (Alde Zaharra), Jon Enparantza, Jose Luis Campo, Asier Aranguren, Aitziber Sagarminaga (Alde Zaharra), Egoitz Lopez de Lacalle, Aintzane Orkolaga eta Jose Miguel Almandoz.  

    Sagarminaga 2014ko ekainaren 25ean utzi zuten aske 25.000 euroko bermea ordaindu eta gero; Asier Aranguren, Egoitz Lopez, Jose Campo, Aintzane Orkolaga eta Jose Miguel Almondozek aldiz, 2015eko martxoan eskuratu zuten askatasuna bermea ordaindu eta gero; Jon Enparantza, 2016ko martxoaren 11n askatu zuten 25.000 euroko bermea ordaindu eta gero, baina arrazoi "humanitarioengatik", emaztea gaixo baitu eta bere 5 umeak zaindu ahal izateko; azkenik, Arantza Zuluetak espetxean jarraitzen du, bakarturik eta isolamenduan, Estremerako espetxean.

  • Abokatuen aurkako operazioa: 2015eko urtarrilaren 12an, Guardia Zibilak 16 lagun atxilotu zituen Mate operazioaren baitan Bilbon eta Iruñean, besteak beste, "ETAri babesa ematea" eta delitu fiskalak egitea leporatuta. Atxilotu gehienak abokatuak ziren eta gainontzekoak Herrira-koak: Amaia Izko, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Eukene Jauregi (Deustua), Nagore San Martin, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador (Deustua), Jaione Karrera, Kepa Manzisidor (Alde Zaharra), Fran Balda, Javier Carbadillo, Jon Mintegiaga Minde eta Ane Ituño (Santutxu).

    Amaia Izko, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi, Arantxa Aparicio, Onintza Ostolaza eta Nagore San Martin Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu eta gero aske geratu ziren egun bat geroago, urtarrilaren 13an. Aldiz, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Jaione Karrera, Atxarte Salvador, Kepa Mancisidor, Aiert Larrarte eta Ane Ituiño urtarrilaren 14an utzi zituzten aske. Fran Balda 2015eko azaroaren 16an askatu zuten 10.000 euroko bermea ordaindu eta gero; Jon Mintegiaga 2016ko otsailaren 4an eta Javier Carbadillo 2016ko otsailaren 18an.

  • Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteko kideen kontrako operazioa: 2015eko martxoaren 25ean, Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan; haien artean zeuden Nagore Lopez, Etxerateko bozeramailea; Izaskun Abaigar Etxerateko kidea; eta Fernando Arburua eta Oihana Barrios Jaiki Hadi kolektiboko kideak, euskal presoen osasunaz arduratzen den taldekoak. 

    15.000 euroko bermea ordaindu eta gero aske geratu ziren laurak urte bereko martxoaren 27an. 

Gaur hasiko dira lehen deklarazioak hartzen eta ondorioz, 47en eta Bilbokoak diren, Arantza Zulueta, Kepa Manzisidor, Aitziber Sagarminaga, Eukene Jauregi, Atxarte Salvador, Naia Zuriarrain, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Ane Ituiño eta Iñaki Goioagaren absoluzioa eskatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte arratsalderako, Bilboko auzo ezberdinetan. 

Ia denei "erakunde terroristako kide" izatea egotzi diete, Naia Zuriarraini aldiz, "erakunde terrorista laguntzea". Eloy Velascoren arabera, auzipetuek "bazekiten ETArekiko egiturazko dependentzia" zutela eta Herrira-k Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunak utzitako "antolaketa hutsunea" betetzen zuela.

Iñaki Goioagaren bestelako kasua

Iñaki Goioagaren kasua bestelakoa da. Mate operazioaren baitan, 2015eko urtarrilaren 12an inputatu zuten gainontzeko 16 atxilotuekin batera "delitu ekonomikoak egitea, ETAko kide izatea eta presoen senideei babesa eta laguntza ematea" egotzita; baina senataria izanik, aforatua, ez zuten atxilotuta eraman. 

2015eko ekainean Eloy Velascok Auzitegi Gorenari idatzi bat helarazi zion, Amaiurreko senatariaren kontrako auzibidea abian jartzeko eskaera arrazoituz eta "ETAko kidea izateagatik" bere inputazioa eskatuz. Urte bereko irailaren 30ean, Gorenak jakinarazi zuen auzitara eramango zuela eta ondorioz, egun, beste 46 lagunekin inputatu dute. Bere aldetik, Goioagak, behin baino gehiagotan, akusazio horiek ukatu ditu; argi utzita bere lana "abokatu lanera" mugatzen zela. 

Elkarretaratzeak

Gaur, astelehena, Alde Zaharrean 19:30ean elkartuko dira Etxebarrieta Plazan; Deustun 19:30ean ere Done Petrin; Indautxun 20:00etan Kirruliren txokoan; eta Santutxun 20:00etan Karmelo plazan.