Bilbon eskola publiko berriak eraikitzeko konpromiso falta salatu du Legebiltzarrean Ibaiondo plataformak

uriola.eus 2016ko mai. 5a, 10:07

Ibaiondo plataformako kideak atzo Eusko Legebiltzarrean

Sare publikoan plazak falta direla eta "eskola-politika klasistak eta baztertzaileak" aplikatzen ari direla adierazi dute Eusko Legebiltzarrean Bilboko Ibaiondo barrutiko ikastetxe publikoetako hezkuntza-komunitateko ordezkariek. Eta hortaz, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Bilbon "eskola publiko berriak eraikitzeko konpromisoa ez dutela bete" salatu dute. 

Ez Bilboko Udalak ez Eusko Jaurlaritzak ez diete "behar bezalako erantzuna eman gure seme-alaben hezkuntzen beharrei", Ibaiondo plataformaren esanetan. Azken hamarkadan Bilboko barruti handiena den Ibaiondon "hainbat hitzartutako zentro sortu eta handitu diren bitartean", Bilboko ikastetxe publikoek "ez dituzte behar diren hobekuntzak jaso".

San Adrian, Pagasarribide eta Iruarteta ikastetxeak dira horren adibide. Lau urte baino gehiago daramate "agindutako lanak noiz egingo zain". Denbora gehiago daramate zain Alde Zahar inguruan, 2004 urtetik hain zuzen ere, Campuzano institutuko heziketa-zikloetarako zentro bat aldarrikatzen, "bertako instalazioetan beste zentro bikain bat izan dezagun barrutiaren beheko alde osorako bigarren DBHrako eta Batxilerrerako". Bestaldetik, "urteak" daramate aldarrikatzen Ibaiondo plataformako lagunek "ez dugula nahi ghetorik gure auzoetan, ezta ikastetxe klasistarik".

Lakua eta Bilboko gobernuen "utzikeria, gaitasun eza eta sektore pribatu jakin batzuen interesen alde egitea" salatu dute Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean atzo izan zuten agerraldian. Ibaiondo Plataforman "aspertuta" daude Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak "gurekin egiten dituen diskriminazioekin eta utzikeriarekin". Garbi dute zein den euren apustua: "Kalitatezko euskal eskola publikoa".

 

Eusko Jaurlaritzari eskakizunak

Hainbat izan dira Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskakizunak. Neurri zehatzak. Honako hauek: 

- San Adrian, Iruarteta eta Pagasarribide handitzeko lanak udan zehar martxan jartzea.

- Solokoetxeko institutuko DBH eta Batxilergo Campuzanoko Institutu berrira trasladatzea eta heziketa-zikloetarako zentro berri bat eraikitzea lehenbailehen.

- Indartze positiboko neurriak hezkuntza-babes espezifikoa behar duten ikasleen portzentaje handia ageri den ikastetxeetan errealitate bat izatea, eta berrikus dezala hezkuntza-itunen egungo eredua, gure barrituko sare pribatuan.

- Eskakizunei jarraipena egiteko eragile guztiekin (administrazio arduradun, alderdi politikoek eta eskola eragilekin) osaturiko mahai bat sortzea. 

Ibaiondo Plataforma

Iruarteta HLHIko IGEa; Maestra Isabel Gallego Gorria HLHIko IGEa; Maestro Garcia Rivero HLHIko IGEa; Miribilla HLHIko IGEa; Mugica HLHIko IGEa; Pagasarribide HLHIko IGEa; Eskurtze BHIko IGEa; San Adrian BHIko IGEa; Solokoetxe BHIko IGEa.

[2016-03-18] Eskola publikoarekiko "diskriminazioa eta utzikeria" salatu dute Ibaiondo barrutian

[2016-03-17] Bilbon ikastetxe eta institutu publiko berriak eraikitzeko konpromiso falta salatuko dute

[2014-02-05] Jokin Alberdi eta Maria Silva, Ibaiondo plataformako kideak