Berta Caceres Hondurasko buruzagi indigena, giza eskubideen defendatzailea eta nekazarien mugimenduaren borrokaren ekintzailea multinazionalek euren lurretan egiten duten esplotazio eta espoliazioaren aurkako borrokan, martxoaren 3an hil zuten Tegucigalpan, Hondurasen.
Gaur, Bilboko Udaleko talde politiko guztiek adostutako komunikatu baten bitartez adierazi dute "hilketa hori berehala argitzeko xedez, eta egile material eta intelektualen auziperatzea ahalbidetzeko eta krimen lazgarri horren zigorgabetasuna eragozteko", beharrezkotzat jotzen dutela nazioarteko lankidetza-mekanismoak aktibatu daitezela. Horretarako "eskura dauden bitarteko guztiak" Hondurasko errepublikaren eskuetan jar daitezela eskatu du Udalak, "segurtasun-neurri egokiak inplementatu ahal izan ditzan, horren bidez bermatzeko Giza Eskubideen Batzorde Interamerikanoak giza eskubideen defendatzaileei eskaintzen dizkien kautelazko neurrien betearazpena".
Hondurasko Gobernuari helarazi dio Bilboko Udalak adostutako adierazpena, eta bere egin du Caceresen familiak egindako eskaria, alegia, "nazioarteko batzorde independente bat eratu dadila Berta Caceresen hilketa ikertzeko, hilketa horren arrazoiak argitzeko, eta horren bidez egia, justizia eta erreparazioa lortu ahal izateko".