Goizeko 11:00ak aldera, furgonetaz eta karabanaz beteta ikus zitekeen Larrabetzuko Sasiene industrialdea. 12:30ean abiatu zen martxa "Azken bidaia izan dadila" lelopean; sakabanaketaren ondorioz, presoen senideek astebururo egin beharreko bidaien ondorioak islatzeko asmoz.
400 furgoneta inguruk parte hartu zuten, euskal preso politiko bakoitzeko bana gutxi gora behera, eta denek, preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ikurra zeramaten. Larrabetzutik irten aurretik, Karlos Albasek, Mirentxineko kideak hartu zuen hitza esanez, "euskal jendarteak argi utzi duela sakabanaketarekin amaitu beharra dagoela; nekatuta dagoela eta asteburu bakoitza, egoera honekin amaitzeko aukera galdu bat dela".
Txorierrira sartzerakoan auto pilaketak eragin zituen karabanak eta turuta hotsak nagusitu ziren Bilborako bidean. Basauriko espetxearen aurrean, turutek inoiz baino ozenago jo zuten eta bertatik Malmasineko tunelean sartu zen martxa. Basurtuko ospitalaren aurrean, ESK eta LABek deitutako hitzorduari bildu zitzaizkien Osakidetzako langileak. "Preso gaixoen egoera salatzeko asmoz, preso gaixoak etxera. Osakidetzan protokoloa orain" zioen pankarta zabaldu zuten eta txalo artean harrera egin zioten furgoneta martxari.
Autonomia kaletik Plaza Biribilerako bidea hartu zuten eta bertan, senideek kartzeletara bidean izan dituzten edo izan ditzaketen istripuak salatzeko antzezpena egin zuten; era berean, dispertsioak eragindako 16 heriotzak salatu zituzten. Udaletxeko zubia gurutzatuta, Bilbotik irten zen karabana eta Larrabetzura zuzendu zen; bertan, jai giroari hasiera emanez.