Konpromisoa "giza eskubideen urraketa etengabearen aurrean"

uriola.eus 2016ko mai. 9a, 12:42

Asteburuan Euskal Herriko kale eta plazetan ekimen ugari antolatu dituzte Sare dinamikako lantaldeek "euskal presoei zein euren senideei urratzen zaizkien giza eskubideen defentsan". Bilbon, larunbatean, hilak 14, hiru zutabe abiatuko dira eguerdian hainbat auzotatik, 13:00ean Plaza Biribilean elkartzeko. 

Egungo espetxe politikaren ondorioz, "ehundaka senidek milaka kilometro egiten dituzte astebururo, larriki gaixo dauden presoek espetxean jarraitzen dute eta salbuespenezko legeak mantentzen dira, besteak beste, euskal presoak isolatuz". Horixe da Sare dinamikak gaur Bilbon egin duen irakurketa. Joan den urtarrilaren 9ko mobilizazioetan Bilbon eta Baionan egindako salaketa bera.

Dispetsio politikak eragindako errealitate hori aldatzea du xede 'Hartu trena' Sareren egitasmoak. Euskal Herriko gizarteko eremu ezberdinak aktibatuz eta biderkatuz. Eta datorren asteburuan, "beste bagoi bat gehituko diogu" iragarri du Sareko eledun Jose Moralesek: "herritarren bagoia". Larunbatean eta igandean, aldarrikapena Euskal Herriko plaza eta kaleetara aterako dute herriz herri eta auzoz auzoko taldeek.  

"Ideologien gainetik eta giza eskubideen izenean", Espainiako eta Frantziako gobernuei bost eskaera luzatuko dizkie Sare herritarrak asteburuko ekitaldietan: "Dispetsio politikaren amaiera; larriki gaixo dauden presoen askatasuna; 70 urtetik gorako presoen eta kondenaren bi herenak beteta dituztenen kaleratzea; iheslari eta deportatuak euren eskubide guztien jabe izatea, besteak beste, osasun laguntza, lanpostu duina eta eskubide zibil eta politikoak, haien etxeratzea ahalbidetuz; eta kolektibo zehatz bati aplikatzen zaizkion salbuespenezko legeen amaiera".

Sare dinamikaren arabera eskakizun horiei erantzutea "ezinbestekoa"da gatazkaren konponbiderantz aurrera egiteko. Urrats horien bitartez elkarbizitzan oinarrituako bake eszentoki bat ahalbidetu daitekeelako: "Herri honek bake eszenatoki bat emerezi du, eta ondorio horiek gainditzen ez diren bitartean gatazka ezingo da amaitutzat eman". 

Helburua lortzeko euskal gizarteari jarrera aktiboa eskatu dio Sarek. "Euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde egotetik horren alde lanean jardutera pasa behar gara", adierazi du Jose Moralesek. "Izan ere, eurenak urratuak diren heinean, gure gizartearenak ere egunero dira urratuak. Eta guk ozen eta argia esaten dugu: giza eskubideen urraketarik ez gure izenean".

 

Larunbatean, Bilbon

Bilbori dagokionez, larunbatean, maiatzak 14, eguerdian hiru zutabe abiatuko dira -Otxarkoagako plazatik, San Inazioko plazatik eta Bilbo Zaharreko plazatik- 13:00ean Plaza Biribilean elkartzeko. Bertan egingo dute eguneko ekitaldi nagusia. 

 

Audientzia Nazionalaren erabakia

Orain dela bi aste, Audientzia Nazionalak maiatzaren 13an ETAko kide izatea edo ETA laguntzea leporatuta espetxeratuta dauden hainbat presoren inguruko zigorrak berriz aztertuko zituela egin zen publiko. Finean, audientzia odol zigorrik ez duten presoei zigorra ea jaitsi erabakitzen hasiko dira. Erabaki horren garrantziaz kontziente da Sare. Teresa Todaren esanetan, "Auzitegi Nazionalak konponbidearen eta bizikidetzaren aldeko erabakia hartzea espero dugu, euskal presoen eskubideak errespetatuz, Zuzenbideak eta Konstituzioak berak eskatzen duena aplikatuz".

Ostiral honetan bertan erabakitzen hasiko direnak, kondena ezarrita duten 20 presoei eragingo die. Zigorren errebisio hau Saretik "ilusioz" ikusten dute, eta erabakia "gaur egungo garaietara moldatzea" espero dute. "Konponbidera bidean pausoak emateko aukerak ezin ditugu galdu. Hala gertatzea espero dugu", adierazi du Teresa Todak.