Europaren Egunean, Europarekiko lotsa agertu dute herritarrek

uriola.eus 2016ko mai. 10a, 10:31

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta hainbat bilbotar batu ziren atzokoan Plaza Biribilean "Europar Batasuna eta Turkiaren arteko akordioari ez" eta "gerra gehiagorik ez" aldarrikatzeko. 

Txistuka, oihuka edota lapiko eta ontziak kolpatuz hartu zituzten hiritarrek Obama, Merkel, Hollande, Erdogane eta Rajoy gobernariak Plaza Biribilean. Kareta jantzitako aktoreei egokitu zitzaien Europako eta munduko agintarien rola jokatzea. Hitzaldi bana egin zuten gerrak eta errefuxiatuak kanporatzeko akordioak zurituz. Munduko bola batekin jardun zuten jolasean, eurek kontrolatuko balute bezala, Charles Chaplinen Diktadore handia filmeko irudiak antzeztuz. Harik eta aurrez aurre zituzten dozenaka herritarrek gelditu zituzten arte, munduko biztanleekiko kontrola kentzeraino. 

Horixe zen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren asmoa atzokoan, "herritar guztiei mobilizatzeko deia egitea" eta Estatuei exijitzea "mugak ireki ditzatela eta pertsona migratzaileen, asilo-eskatzaileen eta mota orotako errefuxituen eskubideen aldeko politika sozialak ezar ditzatela".

Plataformako kideek adierazi zutenez, "milioika lagunek eskubidea dute asiloa eskatzeko herrialde seguru batean, eta, ondorioz, estatu demokratiko deitzen diren horiek, besteak beste, espainiarrak, betebeharrak dauzkate babesa emateko eta beren lurraldeetan hartzeko". Aitzitik, Estatuok mugak ixten ari zaizkie. EBk eta Turkiak berriki izenpeturiko akordioa, "demokraziaren aurkako iraina da". Gainera, "legez kontrakoa" da. "Europa prest dago dirua onartzeko, baita merkataritza eta armak ere; ez, ordea, pertsonak". Funtsean, Turkiari "6.000 milioi euro ordaintzean datza, giza eskubideak etengabe urratzen dituen herrialde bati, EBren muga polizia izan dadin".

Ondoren, Plaza Biribilari hiru itzuli eman zizkioten bertan elkartutako lagunek, espaloitik, pankartak eskuan eta "gerrarik ez", "migrar es un derecho no un delito", "ninguna persona es ilegal" eta "gure herria denontzako tokia" bezalako mezuak zabalduz. 

Bukatzeko, Europan sartzeko "ibilbide legalak eta seguruak" eskatu zituzten eta "harrera eta babes berme duinak pertsona guztientzat". Odolez zikindutako Europako bandera astinduz, "konponbidea gaur behar dugu", zehaztu zuten, "agian, bihar beranduegi izango baita". 

bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info

#OngiEtorriErrefuxiatuak