Arte Ederretako Museoan greba egingo dute gaur, Museoen Egunean

uriola.eus 2016ko mai. 16a, 09:11

Argazkia: @kalekatue1
Bilboko Arte Ederretako Manpower azpikontratako 34 langileek, maiatzaren 10ean, museoaren aurrean eginiko agerraldian adierazi zuten "lan baldintzak penagarriak" direla eta gaur, maiatzak 16, greba egingo dutela, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat.

"Orain dela urte asko" areto zaintzaileak, takila beharginak, hezitzaileak eta denda zein harrera langileak "erabateko prekaritatean" daudela. Jardunaldi osoan egonik ere, 900 euroko soldatara ez direla heltzen azaldu zuten aurreko asteko agerraldian. Datu horrek "ondo baino hobeto azalaratzen du prekaritatea eta pairatzen ari garen egoera larria", ziotenez. Prentsaurrekoa baliatu zuten 1.200 eurotik gorako soldatak eskatzeko. 
 
Manpower Groupentzat lan egiten duten 34 pertsonaren lanpostuek ez dute "inolako egonkortasunik" subrogazioa ez baitute bermatuta. Hamar urte inguru daramatzate lanean, eta izoztuta dute soldata. Gainera, "askok lanaldi partzialak dituzte". Horregatik Arte Ederren Museoari eskatzen diote "bere egitekoa betetzeko funtsezkoak dituen langileen lan baldintzak bermatzea", eta Bilboko Udalari eta Patronatuari "beharrezko neurriak har ditzatela langileek lan duintasuna berreskuratzeko". ELA eta LAB sindikatuek babestu zuten agerraldian azaldu zutenez, "museo publiko bat non langileak lan prekarietatean murgiduta dauden, ez da izango kultura erreferente bat ez aberastasun iturria gizarterako, ez orain ez inoiz". 

 

Egun bateko greba eta greba mugagabea

Gatazka ez bada konpontzen, langileek argi utzi zuten gaur, maiatzak 16, greba egingo dutela, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat eta ekainaren 7tik aurrera, greba mugagabea eramango dutela aurrera; hiperrealismo erakusketa hasten denean justu.