Hezkuntza sistema propioa iruten

uriola.eus 2016ko mai. 11a, 12:10

Argazkia: LAB sindikatua

LAB Irakaskuntzako arlo ezberdinetako langileek agerraldi egin dute gaur Arriaga plazan. Bertan 'Euskal hezkuntza sistema iruten' dinamika aurkeztu dute. LABek ezinbesteko jotzen du "Euskal Herriak egun, zein etorkizun hurbilean, behar duen hezkuntza eredua gaurdanik iruten hastea". Azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi du sindikatuak: "Inposizioak salatzeaz gain, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea".

Badira nazio bat egituratzeko orduan "funtsezkoak diren osagaiak". Hezkuntza horietako bat da, "baina hori baino gehiago" ere bada. Hezkuntza "nazio baten etorkizuna bermatzeko ezinbesteko tresna" da LABen iritziz. "Belaunaldi berriek osatuko baitute biharko jendartea. Jasotzen duten heziketa nolakoa, biharko jendartea halakoa. Horrela, hezkuntza euskaldunak jendarte euskalduna sortuko du; hezkuntza askatzaileak, jendarte askea…"

LABek urrats berri bat eman nahi du bide horretan. Honako ekarpena egin nahi du, hain zuzen ere: 'Hezkuntza Sistema Propioa Iruten' dinamika. Eta zergatik "iruten"? Bada, "ezinbestekoa jotzen dugulako Euskal Herriak egun, zein etorkizun hurbilean behar duen hezkuntza eredua gaurdanik iruten hastea. Gaurdaino, hamarkadaz-hamarkada, eskuz-esku landu dugun hari korda zahar horrek etorkizuna iruten jarraitzeko balio behar digulako, eta etorkizuna gure herriari jantzi berri bat lantzetik pasatzen delako".

Bide honetan, azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi du LABek: inposizioak salatzeaz gain, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea. Maiz adierazi duen bezala, "desobedientzia ez delako ezetza adieraztea soilik, bide propioa ere jorratu behar baita". Horregatik gaurdanik hasi nahi du iruten "etorkizuneko euskal estatuak izan behar duen gona berria, gona gorria". 

Hezkuntza hizpide, hausnarketak, zalantzak eta tresna eraginkorrak partekatzeko asmotan bakoitzaren errealitatean oinarriturik abiatu nahi du dinamika hau. "Betiko topikoak garaitu eta hezkuntzaren gainean ikuspegi berri eta fresko bat osatzeko asmoz". Horregatik hezkuntza komunitatea osatzen duten norbanako nahiz eragile ezberdinei zuzendu zatzaie LABeko Ruben Iglesias kidea: "Zuen ekarpena ere funtsezkoa baita". 

"Zuek" aipatzerakoan, hezkuntza komunitateko kideengana zuzendu da Iglesias: ikasle, langile, familia zein herritarrengana; haur hezkuntza, lehen hezkuntza zein bigarrenekoengana; unibertsitatekoengana, ikastetxe batekoak zein bestekoengana, musika eskola zein bestelako eragileengana. Izan ere, herri-ikuspegitik abiatutako tokian tokiko lan praktikoa funtsezkoa dela deritzo sindikatu abertzaleak. "Eta elkarrekin urrats berriak emateko aukeran sinesten dugu"


Helburuak
• Euskal hezkuntzaren xedeez gaineko hausnarketa burutu. 
• Hezkuntzaren baitan biltzen garenon arteko esperientziak ezagutu. 
• XXI. mendeari so Euskal Herriak behar duen eskola ereduaren gaineko adostasunak bildu. 
• Hezkuntza Sistema Propioaren bidean tresna eraginkorrak osatu. 

Dinamika honek hezkuntzaren baitako "objektu izatetik, subjektu izaterako jauzia" ematea du xedea. "Hezkuntzarekiko ditugun beharrak, nahiak, ametsak… egingarriak diren heinean, ez dugu uste modurik aproposena hezkuntza sailei so geratzea denik; eurak zer esango zain. Guk geuk, herritarrok ere burutu beharko genituzke hausnarketak eta eztabaidak, denon artean adosteko eta eraikitzeko Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua", adierazi du Iglesiasek.

 

Etxaide: "Desobedientziari daukan balioa emanez eta baimenik eskatu gabe irekiko dugu biderik emankorrena"

Hezkuntza sistemaren eraikuntzan "protagonista" izateko nahia azaldu du Ainhoa Etxaidek gaurko agerraldian. "Eragile" izateko gogoa, "ez gaude instituzio eta gobernuen esku uzteko prest". Etxaideren aburuz, "protagonista izango bagara, urrats bat eman dugulako da, gure ekimenez eta inori baimenik eskatu gabe". Eta horretarako LABek ez du hezkuntza sistema berri bat egingo LOMCEaren inguruan. "Gure ustez, gure ekimenez denok batera urratsak emanez, desobedientziari daukan balioa emanez eta baimenik eskatu gabe irekiko dugu biderik emankorrena". 

Praktika politiko eta sozial berriak irekitzeko dinamiken alde egin du Etxaidek eta bide horretan kokatu du 'Iruten' dinamika: "Askotan galdetu digute zein den aldarrikatzen dugun sindikalismo berritu hori. Gure ustez hau da, sindikalismoa langileekin egitea, etorkizunari begira egitea. Gure aldarrikapenek ibilbide gehiago dute herritar eta langileen artean instituzioetan baino. Tresnak eskaini behar ditugu aldarrikapen horien gainean urratsak emateko, praktika politiko eta sozial berriak irekitzeko. Hau da langileen zerbitzura dagoen sindikalismo bat eta ez agortuta dauden bestelako eremu batzuetan kateatuta dagoena. 

Negoziazio kolektiboa lapurtu digute, interbentzio instituzionaleko esparruak antzuak dira. Beraz gure interlokuzioa, gure aldarrikapenak defendatzeko tresna eta markoak berreskuratuko baditugu horrelako dinamiketan indar egiten dugulako izango da".

 

www.lab.eus