1.000 ume eta gazte baino gehiagok parte hartuko dute 'Rugby Bilbao Hiria' lehiaketaren III. edizioan

uriola.eus 2016ko mai. 11a, 09:55

Universitario Bilbao Rugby Club taldeak antolatutako 'Rugby Bilbao Hiria' nazioarteko lehiketa maiatzaren 21ean, larunbata, izango da Errekaldeko udal kiroldegian. Bertan, Bizkaiko herrietatik etorritako 1.000 ume eta gazte baino gehiagok parte hartuko dute.

Nazioarteko lehiaketaren hirugarren edizioaren aurkezpenean Oihane Agirregoitia, Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia; Aitor Jauregi, Uni Bilbao Rugby Club taldeko ordezkaria; Isidro Elezgarai, 'Bilbao Hiria Saria' emateko epaimahaiaren ordezkaria; eta Gervasio de la Fuente, Bizkaiko Rugby Federakundeko ordezkaria, egon dira.

Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkaria den Oihane Agirregoitiak azpimarratu du "gero eta honelako nazioarteko topaketa gehiago Bilbon antolatzea garrantzitsua" dela, hiriaren eta auzotarren onerako direlako eta kirolaren inguruko jatorri eta adin ezberdinetako pertsonen topaleku bihurtzen delako gure hiria.

Urtez urte, partaideen kopurua handitu egin den errugbi-lehiaketa honen arduradunek azaldu dutenez, Universitario Bilbao Rugby Club taldearen eskolako 160 jokalariz gain, Mugerre, Hendaia, Ustaritze, Kanbo, Ordizia eta Durangoko eskoletako 4 eta 18 urte bitarteko hainbat jokalarik ere parte hartuko dute.

Era berean, emakumezkoen senior lehiaketa bat ere jokatuko da jardunaldian. Horretan, Euskadi XV taldeak (euskal selekzioa), Frantziako Mendite taldeak eta oraindik baieztatu gabe dagoen hirugarren talde batek parte hartuko dute. Errugbi 7ko lagunarteko partidu bat ere jokatuko dute Durango Rugby Taldeak eta Madrileko Complutenseko Biologia Fakultateko taldeak.

Txapelketaren arduradunek topaketa honek duen garrantzia, gero eta handiagoa dena, azpimarratu nahi izan dute; eta Bilboko eta Bizkaiko auzotar guztiei gonbidapena luzatu diete txapelketan parte hartzeko eta errugbiaz eta honen balioez gozatzeko. Bilbon kirolaren inguruan 1.000 gazte baino gehiago batzea lortu da eta kirol honetan, besteak beste, diziplina, errespetua eta lagunartekotasuna lantzen dira. Merezi du eta eredu ona da aurrera egiteko eta balio jakin batzuk egunez egun indartsuagoak izango direneko gizarte bat denon artean egiteko, bakoitzak bere arlotik lan eginez. Balio horiek, gainera, datozen belaunaldietakoentzat erreferentea izango dira.

Horiek horrela, Universitario Bilbao Rugby Club taldeak ia 400 bazkide ditu. Talde honek Rugby Bilbao Hiria Sariaren lehen edizioa aurkeztu du. Errugbiaren balioak; hau da, talde-lana, errespetua, diziplina eta kiroltasuna bere bizitzan, ibilbide sozial eta profesionalean, islatzen dituen Bizkaiko pertsona, enpresa edo erakunde bat saritzea eta hori guztia agerian uztea da sari horren xedea.

Lehenengo edizio honetan epaimahaiak saria José Luis González Fernández jaunari ematea erabaki du. 30 urtetik gora eman du EHU-UPVren kirol zerbitzuaren arduradun. Milaka ikasleren artean Pepelu izengoitiaz ezagunagoa denak esker ona ez ezik, Alfredo Luis Cuevas Cosiok egindako "Taldea" eskultura, brontzezko pieza bat, ere jasoko du.

Saria emateko epaimahaia osatu dutenak hauexek izan dira: Gervasio de la Fuente Ibarluzea, Bizkaiko Rugby Federakundeko presidentea; Juan Carlos Erkoreka, Bilbao Dendak erakundeko presidentea; Joanes Urkixo Beitia idazlea; Isidro Elezgarai, Euskadiko Unicef erakundeko presidentea; Jesus Askorbebeitia, Bilbao Rugby Club taldearen Zuzendaritza Batzeko kidea; eta Oihane Agirregoitia, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia eta Bilbao Kirolak erakundearen Administrazio Kontseiluko presidentea.

Isidro Elezgaraik, epaimahaiaren izenean, azpimarratu du saria José Luis González Fernándezi saria ematea erabaki dutela unibertsitateko kirolarekin ibilbide profesionalean izandako konpromisoagatik eta kirolean balioetan prestatzeko eta hezitzeko lanari eman dion baldintza gabeko laguntzagatik.

Beste alde batetik, Elezgaraik aipatu du Universitario Bilbao Rugby Club taldearen eskolako gazteek saritutakoaren esperientziatik ikasi ahal izateko maiatzaren 13an Bilbao Centro elkarteak Indautxu kale partikularrean dituen lokaletan topaketa bat izango dela. Errugbilari gazteek, beraz, José Luis González Fernándezek unibertsitatemailako kirolean izandako urte askotako ibilbidean egindako lana zein izan den jakiteko eta haren esperientziatik ikasteko aukera izango dute.

Universitario Bilbao Rugby Club taldeko arduradunek azaldu dutenez, errugbijardunaldian 09:00etatik 21:00etara izango da. Bizkaian gero eta harrera hobea egiten dioten errugbi kirolaz gozatu nahi duten guztiek jardunaldia joatea dute. Sarrera doakoa da.