Etxebizitza Legearen aldaketak "errenta baxuko gizarte-sektore ahulenak areago pobretuko ditu"

uriola.eus 2016ko mai. 12a, 11:50

Eusko Jaurlaritza Etxebizitzaren Euskal Legearen berrikuntzak eta ezarpenerako erronkak aztertzen ari den bitartean, Bizkaiko hainbat gizarte eragile Jaurlaritzako egoitzaren aurrean kontzentratu dira Bilbon, "legeak eta legea garatuko duen dekretuak dakarren murrizketa soziala" salatzeko. 

Etxebizitza Lege berrituarekin, egun Gizarte-Larrialdietarako Laguntza edota Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren titularrek "jasotzen duten prestazioa galduko dute" eta, ondorioz, "ezin izango diete etxebizitzaren alokairu gastuei aurre egin". Eta horrek "etxe kaleratzea supostatuko luke", gaur Kale Nagusian gizarte eragileek adierazi dutenez.  

Horregatik eskatu diote Eusko Jaurlaritzari etxebizitza dekretuaren zirriborroa bertan behera uzteko eta eskubide zein gizarte prestazioetan murrizketak ekar litzakeen edozein neurri errefusatzeko.

Legebiltzarra osatzen duten alderdientzat ere izan da eskakizunik. PSEri, EH BILDUri eta UPDri Etxebizitza Legea zuzentzeko eskatu die La Posada de los Abrazoseko Javier Sierrak, legeak jasotzen dituen murrizketa guztiak bertan behera uzteko, alegia. Era berean, aldarrikapenei eutsi diete gizarte eragileek: besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitza lortzeko eskubidearen legezko aitorpena, hutsik dauden etxebizitzak birgaitu eta okupazioari lehentasuna ematea eraikuntza berrien aurrean. Halaber, etxebizitza "merkatu zein kapitalismoaren menpekotasunetik askatzeko eskatzen dugu, merkantzia izateari behingoz utz diezaion. kanpoko etxebizitzaren desmerkantilizaziorako beharrezko den prozesuari hasiera ematea".

Hego Euskal Herriko instituzioek "errotiko aldaketa" behar dute Javier Sierraren hitzetan, bai politiketan bai politika egiteko moduan ere. "Parte-hartze soziala eta bizitzaren jasangarritasuna eredu sozio-ekonomikoren erdian jarri behar dute".                     

Gogor salatu du Sierrak "etxebizitzaren beharrei erantzungo dion prestazio ekonomiko berri bat sortzearen aitzakiaz", Eusko Jaurlaritzak ezkutatzen dituen "euren politika ultra-neoliberaletan sakontzen dituzten murrizketak". Lege aldaketak gaur egun alokairua ordaintzeko erabiltzen diren beste bi laguntza desagerraraziko ditu gizarte eragileek salatu dutenez: Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta Gizarte-Larrialdietarako Laguntza (GLL). Ondorioz, "gizarte-prestazioen eremuan egiten den eskubide murrizketa honek errenta baxuko gizarte-sektore ahulenak areago pobretuko ditu, gizatalde askok etxebizitzaren inguruan dituzten oinarrizko beharrak aintzat hartu gabe". 

 

Bizkaiko gizarte eragileen mezua

Eusko Jaurlaritzak prekarietatera bultzatzen gaitu

Gizarte prestazioetan murrizketarik ez

2015. urtean, 30.000 bizikidetza-unitate inguruk EPO jaso zuten eta beste 6.500ek GLL. PSEk, EH BILDUk eta UPDk 2015ean onartutako Etxebizitza legeak jasotzen duen moduan, PNV-EAJren dekretua indarrean sartzen denean eta, egun Lanbidek ezartzen dituen erizpideak betetzen dituzten pertsonek edo alokairua ordaintzeko GLLak kobratzen dituztenek galduko dute prestazio ekonomikoa eskatzeko euren eskubidea. 

Eskubideen murrizketa hau, etxebizitzarako prestazio ekonomiko berria lortzeko baldintzak gogortzearen ondorio zuzena da. Besteak beste, Legeak zein Dekretuaren zirriborroak bi eskakizun berri dakartzate: Etxebiden alokairu eskatzaile gisa 4 urteko antzinatasuna edukitzea edo gutxienez 3.000 euroko diru-sarrerak frogatzea. 

Egun, EPO lortzeko, Etxebideko eskatzaileen erregistroan izena emateko baino ez da eskatzen, ez antzinatasunik ez gutxienezko diru-sarrerarik galdegin gabe.

Era berean, etxebizitzako prestazio ekonomiko berritik kanpo geratuko dira pentsio moduko ostatu kolektiboetan bizi edo apopilotza kontratuak sinatu dituzten pertsonak; hala nola etxebizitzako prestazioa lan-sarreren osagarri gisa jasotzen dutenak. 

Beste alde batetik, legeak dio etxebizitzarako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubide subjektiboa modu mailakatuan gauzatuko dela. Legea indarrean sartzen den urtean prestazioa 3 kidez edo gehiagoz osatutako bizikidetza-taldeek jaso ahal izango dute (Etxebiden antzinatasuna eta diru-sarreren baldintzak bete behar dituztela); bigarren urtean zehar eskubidea izango dute 2 kidez osatutako familia unitateek;eta hirugarren urtean, pertsona bakarrekoek. EPOren egungo egoeran, DSBL jasotzeko eskubidea duten bizikidetza-unitate guztiek euren etxebizitzarako prestazioa eska dezakete. 

Era berean, murrizketen politika honek kalte egingo die bereziki etxebizitza partekatzen dutenei. EPO sistemaren bidez, bizikidetza-unitate bakoitzak (gehienez bi, etxebizitza bakoitzeko) Lanbidek ezarritako 250 euro jasotzeko eskubidea dauka; etxebizitzarako prestazio ekonomiko berriarekin, aldiz, zenbateko hori erdira jaitsiko da. 

Bizkaiko gizarte-eragileok alokairu sozial bat lortzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Pertsona guztiek etxebizitza egokia, segurua, erosoa eta oinarrizko zerbitzuekin  erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea izan beharko lukete. 

Etxebizitzaren erabileraren balorea berreskuratzea beharrezkoa da, merkantziaren logikatik kanpo utzi behar dugu. Etxebizitzaren arazoari erantzun kolektiboa eman behar diogu, ez baitago konpontzerik merkatu edo espekulazio logikaren barne. Alokairuen merkatuaren erregularizazioa, alokairu soziala, hutsik dauden etxeen okupazioa eta  berrerabilpena, hauek guztiek premiazko ekintzak izan behar dute etxebizitza eskubidea bermatzeko. 

Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak eta PNV/EAJk eginiko dekretuaren zirriborroak ez dute ez eskubide hau bermatzen ez  etxebizitza-aukerak eskaintzen merkatuaren logikatik kanpo. Ez lege honek ezta dekretuak ere ez diote erantzun eraginkor bat ematen etxebizitzaren egiturazko arazoari. Era berean, ez dute desagerrarazten biztanleriaren zati handi batek pairatzen dituen etxebizitzaren inguruko egoera larriak. 

 

Bizkaiko eragile sozialak

Argilan, Argitan (Centro Asesor de la Mujer de Barakaldo), Asociacion Trabajadoras de Hogar de Bizkaia, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos, SOS Racismo eta PAH Kaleratzerik EZ - STOP Desahucios Bizkaia.