Bilbok higiezinak zaintzeko araudi berria izango du atzo Bilboko Udal Gobernu Batzordean onartutako ordenantzari esker. Testu berrian, udal araudi bakarrean jaso dituzte indarrean dauden -Estatuko eta autonomiako- hainbat araudi eraikinen mantentzeari dagokionez. Gainera, aurreko horiek garatu eta osatzen ditu Bilboko Udalaren Hiri Plangintza Sailak burututako higiezinen ikuskaritza eta kontroleko jardueran tresna arauemaile gisa erabiltzeko.
Hala, Higiezinak Zaintzeko, Konpontzeko eta Zaharberritzeko Ordenantza berriak Eraikinak Zaindu Beharra eta Haien Hondamenari buruz 1991n onartutako Araudia ordeztuko du, araudi osatuagoa, zehatzagoa eta malguagoa eskainita, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren Eraikinen Ikuskaritza Teknikoari (EIT) dagokionez eta, bestetik, segurtasunaren alorrari aparteko garrantzia emanda.
Era horretan, higiezinen egoera onaren, mantentzearen, konpontzearen eta zaharberritzearen erantzukizuna jabeena den arren, testu honetan udal esku-hartzea araututa agertzen da, hiru atal handi ardatz hartuta: konpontzeko aginduak, EITak eta eraikinen hondamen-aitorpenak. Hiru atalak neurri handian elkar lotuta daude.
Ordenantza berriaren proiektua, Bilboko Udalaren www.bilbao.eus webgunearen Udal Plangintzako atalean eta Udal Gardentasunari buruzko Atari berrian, egongo da ikusgai. Horri buruz herritarrek egin nahi dituzten ekarpenak urbanismo@bilbao.eus helbide elektronikoan jasoko dira ekainaren 3ra arte.
Aldi berean, alderdi politikoek araudiaren testuari emendakinak aurkeztu ahal izango dizkiote Bilboko Udalaren Osoko Bilkuran hura onartu baino lehen.
Bilboko eraikinen %60a aztergai
Ordenantza berriak, EITri dagokionez, araudi autonomikoari aparteko garrantzia ematen dio. Txosten batean jasota dago higiezinen zaintzaren egoera eta udal sailaren aurrean aurkeztu behar izango da.
Hala, 50 urte baino gehiagoko Bilboko 1.300 eraikinetan gutxi gora behera, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (ITE) egin behar izango dute 2016an. Gainera, udal egutegiaren arabera, 2018 baino lehen 7.027 higiezinetan eginda eduki behar izango dute, hau da, Bilboko higiezin guztien %61,6an.
Eraikinetako jabeek aurkeztu behar dute EIT eta eraikina osatzen duten elementuen egoera orokorrari buruzko azalpena jaso behar du: egitura, zimentazioa, etxaurreak, estaldurak eta instalakuntzak; horrez gain, aurkitutako akatsak konpontzeko behar diren obren zerrenda barne hartu behar du, horrelakorik egotekotan, nolako premia duten adierazita, haien larritasuna kontuan hartuta.
Gainera, agiri hori eraikinaren irisgarritasunari buruzko txostena eta eraginkortasun energetikoaren inguruko ziurtagiria erantsi behar dira, betiere goi mailako arkitektoek edo arkitekto teknikoek egindakoak. Azkenik, EIT Bilboko Udaletxean aurkeztu behar da, eta herri-erakunde honek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailera igorriko du.
Informazio gehiago eta galderak:
Esteka interesgarriak: