Basque Lives Matter: "Eskatzen diguten zigorraren zati handi bat ordaindu dugu jada"

uriola.eus 2016ko mai. 13a, 12:26

Sandra Barrenetxea eta Ugaitz Elizaran Iralako auzotarrak dira 8/2013 sumariopean maiatzaren 17an Audientzia Nazionalean epaituko dituzten bederatzi euskal herritarretako bi. Ekin antolakundeko zuzendaritzako kide izatea egotzita, akusazioak 9 eta 15 urte arteko espetxe zigorra eskatzen du bakoitzarentzat. Gaur zein igandean Sandra eta Ugaitz babesteko elkarretaratzeak izango dira Bilbon. 

"Estatuaren inpunitate osoz" atxilotu zituen Guardia Zibilak 2010eko irailean Sandra eta Ugaitz bilbotarrak beste zazpi lagunekin batera. Atxiloketa aldian egindako tortura "basatiekin" hasitako "kondenak" ondorio psikosozial, ekonomiko, emozional eta humanoak utzi dizkie. Bi urteko espetxaldia, dispertsioa eta "bizitza baldintzatuta" izatea zer den ezagutu dute azken sei urteetan.

Horregatik dio Ugaitzek akusazioak eskatzen dien zigorraren "zati handi bat" ordaindu dutela jada: "Guk ordaindu dugun zigorra itzela da". Akusazioak baztertu eta "oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa eta edozein jarduera politikoaren zilegitasuna" aldarrikatzen du berak. "Gure aurkako akusazio bakarra lan politikoa garatzeko eskubidea baliatzea da", dio. 

8/2013 sumariopean maiatzaren 17an hastekoa den epaiketa horretan aldeen arteko akordioa erdiestea "arrazoizko" irtenbidea litzakeela esan dute bederatzi auzipetuek. Bideren bat balego zigorra ekiditeko "aztertuko genuke", adierazi du Ugaitz Elizaranek. "Itxaropena " eta "ilusioa" piztu die balizko akordio batek, baina Dignidad y Justiciak "atea itxi dio" edozein akordiori. Hortaz, Ekineko kide izateagatik joan den apirilean auzipereratuak izan ziren beste bost kidek Fiskaltzarekin lortutako akordioa ez da berretsiko. 

Ekin 2009an utzi zuten legez kanpo, ETAren menpeko talde bat zela argudiatuta. 

Basque Lives Matter kanpaina

AEBetako komunitate beltzek gehiegikeria polizialen aurka eta oinarrizko eskubideen alde abiatutako Black Lives Matter ekimena du oinarri Ugaitz, Sandra eta gainerako zazpi auziperatuek abian jarritako Basque Lives Matter kanpainak. Eskubide zibil eta politikoen defentsan konpromisoak lortzea du xede. Eta "ekarpen bat egiteko beharrari" erantzuten dio, "gurea bezalako egoeran daudenei eta egon daitezkeenei begira, milaka pertsonari". Kanpainak espero baino oihartzun gehiago izan du eta, ondorioz, bederatzi auziperatuek espero baino babes gehiago jaso dute. "Izugarrizko jarduera piloa" antolatu dira kanpainaren baitan eta, besteak beste, epaiketak iraungo duen hiru-lau astetan egin beharko duten gastuei aurre egiteko dirua biltzea lortu dute. 

 

Elkarretaratzeak

Gaur, hilak 13, kontzentrazioa egingo dute '#9akLibre' lelopean Plaza Biribilean eta igandean, hilak 15, 13:00etan Iralako plazan. Izan ere, bai Sandra Barrenetxea bai Ugaitz Elizaran Iralako auzotarrak dira. 

BasqueLivesMatter, #9akLibre