Bidezko Merkataritzaren aldeko mugimendua duela 30 urte abiatu zen. Hiru hamakada hauetan Bidezko Merkataritzak "lekua egitea lortu du gure gizartean" Alboan, Caritas eta Bilboko Misioak erakundeek partekatzen duten Kidenda proiektuko lagunen esanetan. Ez soilik salmentengatik, "33.000 euroko salmentak gainditzea lortu du", baita politikan eragiteko sentsibilizazio eta salaketa kanpainengatik ere.
Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna Bilbon ez ezik Zornotzan edota Santurtzin ere ospatuko dute. Ekimen guztien helburua izango da Bidezko Merkataritza gizarteratzea, kaleratzea. Bilbon, esaterako, karpa bat jarriko dute Areatzako kaian, eta zabalik egongo da 11:00etatik 20:00etara, "gurekin bidezko kafetxo bat hartu nahi duten eta musika onaz, kaleko ikuskizunez eta ospakizun egun on batez gozatzeko gogoa duten guztientzat".
Egunean zehar, era berean, hainbat jarduera egingo dira, era askotakoak, hala nola, bidezko merkataritzako produktuen salmenta, txikientzako tailerrak, kaleko animazioa Ohiulari Klown talearekin edota Soköle Ritmos y Experiencias perkusio eta dantza afrikar ikuskizuna.
Ekimen honen antolatzaileak Bidezko Merkataritzaren sareko kideak dira: Kidenda, Oxfam Intermon, Educo, Vicente Ferrer Fundazioa, Adsis-Equimercado, Solidaridad Internacional eta Setem Hego Haizea.
Kanpaina
#BidezkoMerkataritzaNaiz dioen kartelarekin argazkia eginez edota 30 segunduko bideoa grabatuz eta Twitterren #BidezkoMerkataritzaNaiz zabalduz parte har daiteke sare sozialetan martxan den kanpainan.
Bidezko merkataritzaren aldeko Bristolgo adierazpena sinatu du Udalak
Aste honetan Bilboko Gobernu Batzordeak egindako bileran bidezko merkataritzaren aldeko Bristolgo adierazpena onartu du. Bristolgo adierazpen hori garapen jasangarrirako eta klima aldaketaren aurkako tresna da.
2012an Bilbo bidezko merkataritzaren aldeko hiri izendatu zuten. Izendapen horrek ziurtatzen du Bilboko administrazioak, enpresek, elkarteek eta dendek herritarrei bidezko merkataritzako produktuak eta horren inguruko sentsibilizazio-kanpainak hurbiltzen dizkietela.
'Ni Bidezko Merkataritza naiz, eta zu?'
Maiatzak 14 larunbata - Areatzako kaia
11:00 Umeentzako tailerrak.
11:00 Photocalla: 'Ni Bidezko Merkataritza naiz, eta zu?'
11:00 Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta.
11:00 Musika animazioa.
12:30 Kaleko animazioa: De pronóstico reservado, Ohiulari Klown.
19:00 Manifestuaren irakurketa.
19:15 Musika ikuskizuna: perkusio eta dantza afrikarra, Soköle Ritmos y Experiencias.