Fresneseko kartzelan preso sozial eta politikoek funtzionarioei eginiko plantearen "bultzaitzaile eta ordezkari izateagatik", maiatzaren 2tik isolamenduan zigortuta daukate Itziar Moreno presoa. Hamar minutuko protestaldian guztira 40 bat emakume presok parte hartu zuten.
Plantean presoen oinarrizko eskubideak aldarrikatu zituzten. Hala nola, higienea, biluztera behartzen dituzten miaketen amaiera, UVF bisitak, haurdun daudenentzat eta lanean aritzen diren presoentzat baldintza duinak eta funtzionarien presoekiko errespetuzko tratua.
Itziar Morenori ezarritako "neurrigabeko zigorra" salatu eta elkartasuna adierazi asmoz, emakumezko moduluko bi euskal preso, euren erabakiz, isolamenduan sartu ziren eta egun batzutara irtenarazi zituzten arren, maiatzaren 8an berriro sartu zituzten. "Baina Itziarren isolamendua mugagabea da eta asko iraun dezakeela" adierazi dute.
Hori dela eta, Itziar Moreno presoa "isolamendutik atera arte", Fresneseko espetxean gizonezkoen moduluan dauden euskal presoek, tartean Saul Curto preso zorrotzarrak, "gose greba mugagabeari" ekitea erabaki zuten joan den maiatzaren 10ean. Gaur, zapizgarren eguna dute.
Itziar Morenoren lagun eta senideek Fresneseko espetxeko zuzendariari, Itziarren isolamenduaren etetea eskatuz, gutunak "masiboki" idazteko deia egin dute.
Elkarretaratzeak
'Fresnes SOS. Isolamendurik ez!' lelopean, gaur, hilak 16, elkarretaratzea deitu dute 19:30ean, San Inazioko Levante plazan eta 20:00etan, Zorrotzan.