Ezbeharra joan den larunbatean izan zen, eta "honekin, hiru dira dispertsio politikak 2016an eragindako istripuak", Etxerak elkarteak jakitera eman duenez. Bi bidaiariak, Algortakoak biak, "onik daude".
Gaur, hilak 17, "istripua salatzeko" eta "eragindako pertsonei elkartasuna adierazteko" kontzentrazioak iragarri ditu Etxeratek hainbat hiri eta herritan. Bilbon, 19:00etan, Arriagan.
Etxeratek gogorazi du hil honetan 27 urte betetzen direla dispertsio politikaren "aplikazio sistematiko eta orokorretik". "Bereziki", euskal preso politikoen senide eta lagunei zuzendutako salbuespeneko politika bat, eta orokorrean, presoen "ingurumaria afektibo osoari" eragiten diona. Kartzela politika honen ondorioak "konponezinak direla agerian geratu da pairatzen duten pertsonei dagokionean", eta dagoeneko 16 biktima eragin ditu Etxeraten arabera. Era berean, "politika hau mantentzearen alde dauden alderdi politiko guztien ardura, bere ondorio guztien gainekoa dela" adierazi du elkarteak.
Asteazkenean, maiatzak 18, prentsaurrean emango ditu istripuaren inguruko datu gehiago Etxeratek, eta "jazotakoa, salbuespeneko kartzela politikaren ondorio ikusgarrienetarikoa dela salatuko dugu".