uriola.eus

Homofobia eta transfobiaren aurkako "agente aktibo" gisa aurkeztu da Bilboko Udala

  Udal gaiak  Bilbo

Gizakien dibertsitatearen eta askatasunaren errespetuarekin "konpremetituta" dagoela azaldu du gaur Bilboko Udalak, eta "hartu beharreko neurriak har daitezela" eskatu du, dela legegintzakoak, dela administratiboak dela bestelakoak, "sexu orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatzeko eta ezabatzeko Admnistrazioaren maila guztietan". 

Gaur bezalako egun batean, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik atera zuen. Horregatik ospatzen da harrezkero maiatzaren 17ro Homofobia eta Transfobiaren aurkako eguna. Eta hori dela eta, Bilboko Udalak, alderdi politiko guztiek sinatutako adierazpenean, pertsona lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen aurkako "indarkeria eta diskrimizazio forma guztiak" gaitzetsi ditu. "Udal hau eskaintzen dugu eskubide horien urraketaren aurkako agente aktibo gisa eta pertsona horien benetako berdintasuna gure udalerriko eremu guztietan sustatzen duen eragile gisa". Hala nola, herritarrei dei egin die Udalak "lan proaktiboa" garatzera homo-lesbofobia eta transfobiaren aurkako borrokan. 

Udala "bereziki kezkatuta" agertu da homosexualitatea eta transexualitatea "oraindik ere kriminalizatuta daudelako zenbait herrialdetan. "Gainera, krimenek ez dutelako inolako zigorrik jasotzen". Alde horretatik, Europar Batasunean integratuta dauden edo berarekin lotura estua duten herrialde batzuetan gertatutako "inboluzioa" kontutan hartuta, NBEri eta EBri eskatu die Udalak "arin eta inpartzialtasunez" joka dezatela, eta "urraketen egileak behartu ditzatela eragindakoaren ardura hartzera eta auzitegian agertzera". 

Zazpi puntuko adierazpenean Udalak, besteak beste, bi eskakizun gehiago plazaratu ditu. Batetik, asilo politikoari dagokiona, eta "Administrazio guztiei" zuzendua: "Asilo politikorako onar daitekeen arrazoi bezala identitatearen aitortza onar dezatela, berme guztiekin". Bestetik, Munduko Osasun erakundeari zuzendurikoa. Transexualitatea buru-gaixotasuntzat hartzen duten 'genero-disforia' eta 'genero-identtarean nahsmenduak' kategoriak ezaba ditzala eskatzeko. 

 

Bizkaiko E28ko Koordinakundearen kritikak Udalari

Bilboko Udalak bultzatu duen 'Bilbao gay-friendly' egitasmoa positiboki hartu duen arren Bizkaiko E28ko Koordinakundeak, Udaleko turismo arloak egindako kanpainaren "aniztasun ezak" kezkatzen du. "Urte askotan zehar pertsona disidente sexualek gainditu behar izan ditugun handicapik handiena ikusezintasuna izan da; edo beste era batean esanda, soilik estereotipo erreduktore eta iraingarrien bidez ikusi izana. Horrek ezkutatzen gintuen eta ahultzen gintuen. Gizartearen aurrerapen handiena gure aniztasun osoan nabaritu gaituztenean gertatu da. Gure aniztasuna gure armarik handiena da, eta hau gure banderetan adierazten dugun ideia nagusia da. Estereotipo bakarrera txikiagotzen gaituztenean, gure taldearen parte handiena kanpoan uzten dutenean, uniformatu egiten gaituzte, banatzen gaituzte, ahultzen gaituzte. Gaur honetaz kontziente izan behar dugu, gure gorputz guztiekin, gure desio guztiekin, gure bizi-historia guztiekin ikus gaitzaten. Azken finean, gure kolore guztiekin".

Hori dela eta, Ekainaren 28ko Koordinakundeak dei egin die erakundeei "guztiok batera benetako Bilbo eta Bizkaia gay-friendly, les-friendly, trans-friendly, inter-friendly... eraikitzeko". 

Gaur, hilak 17, les-homo-trans-bi-inter-fobiaren aurkako kalejira antolatu dute Arriaga plazan, 19:00etan hasita.

[2016-05-17] Bilbo eta Euskal Herria homofobiarik gabeko lurraldeak izan daitezen

[2016-05-17] LGTBIQ begiradak

[2016-05-17] Lantokietan aukera sexuala askatasun osoz biziko dugu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa