Etxerat-ek prentsaurrekoa eman du gaur goizean, larunbatean, maiatzak 14, Arkaitz Goikoetxea presoaren gertukoek izandako istripua salatu eta horren berri emateko. Bertan, Urtzi Erraztik eta Patricia Velezek hartu dute hitza azalduz, "bolante aurreko orduetako nekea, bisita galtzeko urduritasuna, espetxe aurreko itxarote luzeak edota ekidin ezin diren arriskuak faktore argia" direla horrelako istripuen aurrean. Goikoetxearen lagunen kasuan, gidariak kotxearen kontrola galdu zuela jakinarazi dute eta ondorioz, behin baino gehiagotan errepideko erdibitzailea jo zuela, aurreko zein atzeko gurpilak lehertaraziz. Gehitu dute ere, hasiera batean zauri larriak ez zituztela zirudien arren, hurrengo egunean bietako batek arreta medikoa behar izan zuela, mina zela-eta.
Guzti honen aurrean, gogora ekarri dute, hilabete honetan 27 urte bete direla euskal presoen kolektiboari dispertsioaren politika “era sistematiko eta orokorrean” ezarri zitzaionetik; “PSOEren gobernuak, EAJ eta PPren bermearekin besteen artean, presoak euren familia eta erlazio ingurumariaren bidez estutzea erabaki zuenetik”.
Argi daukate inork ez duela zalantzan jartzen dagoeneko “presoen urruntzeak eta bere ondorio fisiko, psikiko eta ekonomiko guztiak senide eta lagunongan erortzen direla”. “Bidaiatzeko obligazioa inposatu” izana salatu dute eta gainera, “arrisku baldintzetan egin behar izatea”. Beraz, mahaigaineratu nahi izan dute beste behin, bisiten ordutegiak eta bidaiatu beharreko distantziak “ez dietela lekurik uzten bolantearen aurreko gutxieneko segurtasun neurriei” eta emaitzak istripuak izaten direla.
Egoera honen aurrean adierazi dute ez daudela prest "osasun, familia eta bizitza eskubideak urratzen dituzten egoeren aurrean" pasibotasunez erantzutera eta jarraituko dutela "pertsona guztien giza eskubideen alde lanean; bakearengatik”.