Ollerietako ‘Pichis’ taldea desegin dutela adierazi du Bilboko Udalak

uriola.eus 2016ko mai. 19a, 13:53

Auzoko "delinkuentzia" eta Udalaren "geldotasuna" salatzeko Santutxu eta Atxuriko zenbait auzotarrek elkarretaratzeko deia egina zuten egunean eman du jakitera Udalak Pichis taldea "desegin dutela". 

Tomas del Hierro Herritarren Segurtasun sailburuak gaur goizean azaldu du nola ‘Pichis’ izeneko taldea -familia bereko lau kideak osatua- desegin zuten Bilboko Udaltzaingoaren ekintza batean apirilaren 20an, haren lau kideak atxilotuta: "Erreformatorioan dauden adinez txikiko lagun bi, epaian erabakitako zigorra betetzen dabiltza; 18 urteko gazte bat epailearen aurrera eroan zuten eta azken kidea, hura ere adinbakoa, gaur egun senide baten zaintzapean dago, Ollerietatik kanpo". 

Del Hierrok baieztatu duenez, "aparteko planteamendu eta ahaleginak eskatzen dituen gizarte-gatazka baten aurrean gaude" eta horiek eskuhartze polizialetik harago heltzen dira "eta eremu pedagogiko zein terapeutikoan lan trinkoa egin behar da inplikatutako familiarekin". 

"Auzoko gatazka" eremu bitan kudeatu behar da Del Hierroren esanetan: familia eta komunitate eremuan, eta, herri-erakundeei dagokienez, "erakundeen arteko jarduera koordinatua beha da adinez txikiko taldeko kideak bazterketatik eta gaizkileen bizimodutik erreskatatu ahal izateko". Segurtasun sailburuak esan duenez, jarduera hori "zail, luze eta konpexua" da, baina inplikatutako erakundeek horretan jardungo dute oraindik ere, Bilboko Udalak zuzendutako ekimenean, auzotarren parte-hartzeari bidea emanda.

Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute Udalaren jarrera. Bai azalpenak bai neurriak "berandu" datozela leporatu dio Goazen Bilbaok Del Hierrori, eta "porrot" egin duela PPk. Udalberrik "irtenbidearen bermea" eskatu dio Udal Gobernuari eta EH Bilduk "hausnarketa", "akats berdinetara ez itzultzeko".   

 

Elkarretaratzea arratsaldean

Arriagan 19:00etan elkartzekoak dira gaur Ollerietako zenbait auzotar 'Atxurik eta Bilbok ezin dute gehiago jasan' lelopean, "delinkuentzia" eta Udalaren "geldotasuna" salatzeko. Pichis sendia "urruntzeko neurriak eskatuz" Bilboko Epaitegiari zuzendutako sinadura bilketa -2.341 pertsonaren babesa lortu du eskariak- eta auzitara jo eta abokatuei ordaindu ahal izateko dohaintza bilketa eskakizuna ere martxan dute change.org atarian. 

 

Alkatea pazientzia eta denbora eske

Joan den maiatzaren 4an, Bilboko alkateak irmotasuna azaldu nahi izan zuen Ollerieta auzoan gertatzen ari den gatazkaren inguruan. Argiro adierazi zuen "bizikidetza nahastu nahi duetenek haren aurrean eta haren aurka izango dituela alkate hau eta Gobernu Talde hau". Udalak "besoak gurutzatuta" dituela uste dutenei esan zien, Ollerietan "isiltasunean" lanean ari dela "konponbideak bilatzen".

 

[2016-05-04] Ollerietan bizikidetza nahastu nahi duenak "haren aurrean eta haren aurka" izango du Udala

[2016-04-27] Iritzia - Atxurigorri: Behar den beste lan ez da egiten