Hileko Dokumentala, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Eliza Kubarska mendizale eta zinegileak zuzendutako 'K2. Zerua ukitzen' (Polonia, Erresuma Batua, Alemania, 2015. 72) filma eskainiko du bihar eta ostegunean. Film horretan mendizaleen lau seme-alabek K2 mendiaren oinarrizko kanpamentura egiten duten bidaia emozionala kontatzen da, 1986an euren aitak edo amak lurreko mendi garai eta arriskutsuenetako batera eraman zituen eta heriotza ekarri zien hori aurkitzeko.
Ohikoa denez, emanaldia Multicine 7. aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, bihar, euskarazko azpi-tituluak izango dituen jatorrizko bertsioan eta ostegunean gaztelaniazko azpi-tituluak izango dituen jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
1986ko udan, mundu osoko ia hamar bat espedizio elkartu ziren K2 mendiaren oinarrizko kanpamentuan, mendia biderik zailenetik igotzeko, ordura arte oso pertsona gutxik tontorrera heltzea lortua zuten lekutik. Bederatzi espediziok aldi berean erasotu zuten tontorra, eta, agian, hori ez zitzaion larregi gustatu mendiari. 13 mendizalek galdu zuten bizia ordutik mendizaleek "uda beltza" izenez ezagutzen duten hartan.
30 urte geroago, Eliza Kubarskak, K2an hil ziren mendizale haien 4 seme-alaba elkartuko ditu. Haniak, Lukaszek, Lindseyk eta Chrisek, emozioen aldetik zaila izango den bidaiari ekin zioten euren senideak lurperatuta dauden K2 mendiaren oinarrizko kanpamentura. Euren iraganari aurre egitera eta euren aitek edo amek dena utzi eta horrelako espedizio bati ekitera eraman zituen hori ulertzera behartuko dituen ausardiazko ariketa izango da. Protagonista horietako batzuk umeak ziren, eta beste batzuk jaio barik zeuden tragedia gertatu zenean.
"Uda beltz" hartatik bizirik irtetea lortu zuen Kurt Diembergerren testigantzari eta espedizio hartan bizia galdu zuten mendizaleen gutunei, artxiboko irudiei eta egunkari pertsonalei esker, protagonistek ahalegina egingo dute euren gurasoen azken egunak zelakoak izan ziren ulertzeko, amets bat zuten gizonen eta emakumeen azken egunak: "zerua euren eskuekin ukitzea".
Eliza Kubarska dokumentalgile eta mendizale poloniarra da. Bere lanen artean, sari asko lortu dituzten Groenlandian errodatutako What Happened on Pam Island eta Badjao tribuari, Asia hego-ekialdeko uretan bizi den eta desagertzeko arriskuan dagoen herri nomadari, buruzko Walking Under Water daude. Azken lan horrekin, Epaimahaiaren Aipamen Berezia irabazi zuen Hot Dogs izeneko Kanadako zinemaldi ospetsuan.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, jarraipena ematen dio urte osoko programazioari Hileko Dokumentala deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.