Tasak zein zergak izoztu eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurriei eutsiko die Udalak 2017an

uriola.eus 2016ko mai. 24a, 11:33

Udaleko gobernu taldeak 2017ko ekitaldiko udal tasak eta zergak izoztea onartu du gaur, oraingo Ordenantza Fiskalak bere horretan mantenduz. Neurri honetatik kanpo geratuko da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako balio katastralen berrikuspenaren ondorioz –hauxe da gai honetan eskumena duen erakundea–, Batzar Nagusiek OHZ eta Katastroaren araudi berriak onartu baitituzte. 

2017rako udal tasa eta zergen izozteak funtsezko zerga hauei eragingo die, besteak beste:

• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga

• Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga

• Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zerga

• Obren lizentzia-tasa

• Establezimendu berriak irekitzeko lizentzia-tasa

• Zaborren Tasa

• Estolderia Tasa

• Hileta-zerbitzuen Tasa

• TAO eta Garabi zerbitzuen tasak

• Bilbobus-en zerbitzuen tasak

• Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua

Tasak beren horretan uzteaz gain, Udalak azken urteotan inplementatutako hobari eta salbuespen fiskalei ere eutsiko die, hiriaren suspertze ekonomikoan laguntzeko helburu nagusiaz, bereziki enpresa txiki eta ertainen eremuan.

Era berean, indarrean mantendu ditu familia ugariei zuzendutako onura fiskalak (OHZrenak izan ezik, Foru Arauaren bitartez ezabatu baitira), baita adinekoei, gazteei, DBEren jasotzaileei, langabetuei eta desgaitasuna duten pertsonei zuzendutakoak zein igogailuak instalatzea, oztopo arkitektonikoak ezabatzea eta abar xede dutenak ere, besteak beste.

 

Ekonomia bultzatzeko neurri fiskalak

Neurri fiskalei dagokienez, ekonomia bultzatzea baitute helburu, beren horretan mantendu dira aurreko ekitaldietakoak:

• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) izozketa. Zerga honetan, ekitaldi berean jardueraren alta eta baja gertatzen bada, kuotak hainbanatzeko aukerari eusten zaio.

• Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) tipo orokorrak aldaketa barik segitzen du, %4an, eta tasa murritzak ere bai, %2,5ean.

• Halaber, obra, urbanizatzeko jarduera eta beste zerbitzu tekniko batzuei lotutako zerbitzuak emateagatiko Tasak %20ko murrizketarekin jarraitzen du.

• Enpresa edo profesionalen jarduerak gauzatzeko lokalak berroneratze, berriztatu edo egokitzeko obrak direnean, EIOZan aplikatzen jarraituko da %2,5eko tasa murritza (%5eko tasa orokorraren ordez), eta Obren Tasan, berriz, tarifa murritzarekin (tarifa orokorraren %60rainokoa) segituko da.

• EIOZren %2,5eko tasa murritza (%5eko tasa orokorraren ordez) ezarriko da baita eta Obren Tasan tarifa murritza (tarifa orokorraren %60rainokoa) ikerkuntza arloko unibertsitate-ikastetxe eraiki berrien obrak direnean.

• EIOZren %2,5eko tasa murritza eta obren tasaren tarifa murritzari eutsiko zaio araudi autonomikoan aurreikusitakoaren arabera egingo diren berroneratze integraletarako, Udalak lehentasunezkotzat jotako berroneratzeetarako, eta aurrealdeak garbitu, margotu edo zaharberritzeko lanetarako.

• Karga barik jarraituko dute aurretiazko jakinarazpen-araubidepean dauden obra txikietako Obren Tasak; esate baterako, zoru, sabai eta hormen akabera, patioko leihoen ordeztea, aurrealdeetan jarritako olanak eta errotuluak, etab.  Karga-salbuespen horren xedea da jarduera ekonomikoa bultzatzea eta lokalak zein etxebizitzak hobetzea, eraikinak, etxebizitzak eta negozioen lokalak hobetu eta eguneratzeko obra txikien amaierako kostua merkatuta.

• Haur edo Lehen Hezkuntzara zuzendutako udal higiezinetan Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen obretan EIOZren %95eko hobariari eutsiko zaio, eta baita obren lizentzia-tasaren tarifa orokorrean %90eko murrizketari ere. Orobat, Eusko Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzara zuzendutako higiezinetan sustatutako obretan, EIOZren %2ko tasa murritza eta obra-baimenaren tasaren lehentasunezko tarifa ezarriko dira.

• Helbide soziala Bilbora aldatu nahi duten pertsona juridikoek, eraikin eta lokaletan egindako obretan EIOZren %1,5eko tasa murritza eta lizentzia-obren tasaren lehentasunezko tarifetan %20ko murrizketa izaten jarraituko dute.

• Igogailurik ez duten eraikinetan hura jartzeko nahiz etxebizitza-eraikinetan muga arkitektonikoak kentzeko obretarako, baita ere, EIOZren %2,5eko tasa murritza eta obren tasaren tarifa murritzari eutsiko zaio.

• Jarduera eta Instalazioengatik nahiz Establezimenduak irekitzeagatik dagoen Tasan %20ko murrizketa mantendu da, eta zerga horretatik kanpo geratuko da aurretik jakinarazitako hirigintza-araubidearen araberako saltoki-mota guztiak irekitzea, ondorengo egiaztapen edo ikuskapena dagoenean izan ezik. Instalatzeko lizentzia beharrezkoa izango duten kasuak murriztuak jarraituko dute izaten; horietatik salbuetsita daude, oro har, bulegoak, merkataritzako jarduerak, ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak.

• Espazio publikoa okupatzeagatik dagoen tasak izoztuta jarraituko du beste urtebete gehiagoz, terrazak, mahaiak eta aulkiak hala nola erakusleiho, olana, markesina eta abarren jartzea dela-eta.

• Udal Gainbalioaren Zergan (Hiriko Lurzoruen Balioaren Igoeraren gainekoa), mantendu egiten da %33tik %90erako hobariaren gehikuntza zergadunak egindako jarduera ekonomikoari lotutako lokalean oinordetza zuzena dagoenean.

• Baimena eman eta gero atzera egiten denean, obrei ekin baino lehen edo jarduera burutu gabe, obren tasaren murrizketak %50ekoa izaten segituko du, eta irekitzeagatiko tasarenak %75ekoa.

• Ibilgailuen gaineko Zergaren tarifak izoztuta egongo dira, 2006az geroztik zerga eguneratu gabe duten 12 zaldi fiskal baino gutxiagoko autoetarako (auto guztien %40a da) eta gainerako ibilgailuetarako.

• Motor elektrikodun ibilgailuetan Zergaren %95eko hobariari eutsiko zaio.

• Era berean, zorra administrazioaren bidez berraztertzeko aukera ematen jarraituko da, zerga-zorraren betearazpena bertan behera utzita, inolako kosturik gabe. Birjartzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomikoa dagoenean, bermea jarri behar izan gabe bertan behera gera daitekeen zerga-zorren zenbatekoa, berriz, 600 eurotan mantenduko da.

• Azkenik, ordainketa zatikatzeko eta geroratzeko eskaerak egiteko aukerak bere horretan segituko du, zerga-zorrak epearen barruan ordaintzea ezinezkoa den kasuetan. 10.000 eurotan utziko da geroratze eta zatikatzeetan bermerik behar ez duten zergengatiko zorren gehieneko zenbatekoa.