Bizkaian prekarietate egoeren "kronifikazioa" egiaztatu du Caritasek

uriola.eus 2016ko mai. 26a, 10:13

Euskadiko 2015eko jarduera-txostena aurkeztu du Caritasek. Txostenaren arabera, "desberdintasun egoera handia" antzeman du lurralde osoan. Egoera horren ondorioz, familia babesgabeenek "prekarietate eta kronifikazio egoerak" jasaten dituzte. 2014ko txostenetan gertatu bezala, honetan ere "sareen desgastea" aipatzen da. "Horrek are kalteberago bihurtzen ditu familiak". 

Pobreziaren Belaunaldi arteko Transmisioari buruzko FOESSAren azken txostenean (2016ko apirila) ateratako ondorioen ildo beretik, aipatzeko da pobrezia heredatzeko faktoreak honakoak direla, besteak beste: ikasketa-maila, lan okupazioa eta errenta maila. Txostenaren arabera, pobrezia eta gizarte-bazterkeria arrisku handiena adingabeak dauden familiek daukate.

FOESSAren ustez, arrazoietako bat da berariaz familientzako prestaziorik ez dagoela. Horren harira, Europako beste gizarte eredu batzuk hartzen ditu erreferentziatzat, familia eta haurtzarora bideratutako prestazio unibertsaletan oinarritutako sistemak baitaude. 

Caritasek, gainera, "bakardadearen gaiari heltzearen garrantziaz" ohartarazi du, eta ez bakarrik pertsona nagusien arazo gisa. "Caritasek sareak finkatu eta harremanetarako espazioak egokitu nahi ditu beste kolektibo batzuetan ere", hala nola emakumeekin, haurtzaroan, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonekin...

Ildo horri jarraiki, Caritas Euskadik "gizarte babeserako euskal sistemaren balioa" nabarmendu du, beste autonomia erkidegoentzako "erreferente eta eredu baita". Bereziki azpimarratzekoak dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Gizarteratze arloko beste baliabide batzuk, "gizarteratze larria eta desberdintasun egoerak saihesten laguntzen dutelako". Hala ere, Caritasek hobekuntzak egiteko beharra ikusten du, "bai laguntza horien kudeaketa eta irismenari dagokionez, bai gizarteratze-funtzioaren garapenari dagokionez".

Izan ere, 2015eko enplegu eta ekonomia datuak ez dira onak izan,"desberdintasuna handitu" eta "enplegua prekarizatu" baita.

 

Bizkaian

2015ean Caritasek 11.364 pertsonari eman zien arreta Bizkaian. Horien %58 emakumeak izan ziren (6.538) eta gainerako %42 gizonak (4826). Portzentajeak azken hiru urteetakoen oso antzekoak dira.

2015ean Caritas Bizkaiak ‘oinarrizko beharrizanen’ arloan artatutako pertsonen erdiak baino gehiagok (%51) hiru urte baino gutxiago zeramaten EAEn erroldatuta (harrera-guneetako 2.000 pertsona inguru), eta, hortaz, DSBEren babes-sistematik kanpo geratu ziren. 

Era berean, aurreko urteetan bezalaxe, hiru urte edo gehiagoz Caritasen bide-laguntza jaso duten pertsonen kopuruaren gorako joerak bere horretan dirau (%43tik %49ra, ia erdia) eta Caritasen proiektuetako alta berrietan murrizketa txiki bat nabari da (pertsonen %43 2014an, %31 2015ean). 

Arreta jaso duten pertsonen jatorriari dagokionez, azken urteetan berdintzen ari dira bertako eta kanpoko pertsonen kopuruak, 2014an bertakoak gainetik egon ziren eta ezberdintasun hori handitu egin da 2015 urtean. 

Familia tipologiari dagokionez, azpimarratzekoa da guraso bakarreko familien kolektiboak pisu handiagoa izaten jarraitzen duela, bereziki emakumeak buru dituzten familiek. 

Esku-hartze arloen arabera, oinarrizko gizarte ekintzaren arloa (harrerak eta etxebizitza) izan da erabiliena 2015ean Caritas Bizkaiarengana jotzen duten pertsonen artean (4.469), atzetik familia-gizarteratzea (2.561) eta enplegua eta ekonomia solidarioa (2.285) arloak daudelarik.

Ondoren, “bazterkeria egoera larrian” dauden pertsonen kasua aipatu beharra dago. 2.137 pertsona baino gehiago izan dira etxerik gabeko pertsonen eta menpekotasunen arloan. Arlo honetan berezitasun bat antzeman daiteke: askoz gizon gehiago daude (1.763 gizon; 374 emakume), beste arloetan ez bezala.

Hala ere, badaude zenbait programa jende gutxiago jaso baina denboran gehiago luzatzen direnak, gizarteratze-prozesu luzeagatik, prebentzio lanagatik edo laguntza emateko moduagatik. Programa horietan zifrak bigarren maila batean geratzen dira, laguntza emateko lanak beste garrantzia maila bat duelako. Hala, aipatutako familia-gizarteratzea arloan (2.561 pertsona), gainera, programako laguntza sozio-hezitzailean, etxebizitzan, udalekuetan jasotzen diren 705 haur eta nerabeak gehitu behar dira. Horrez gain, ia 400 edadedun pertsona ere zenbatu behar dira. Guztira, 3.657 pertsona dira bide-laguntza edota prebentzio prozesuetan denbora luzea eman dutenak.

www.caritasbi.org