Aurten ere, Areatza aukeratu dute kirolari zein zaleentzako ekitaldi-gunetzat. Bertan kokatuko dira trantsizio-gunea eta helmuga; hortaz, mugimendu handia espero da goizeko lehenengo orduetan. Irteerak goizeko 09:00etan (distantzia olinpikoa) eta 10:00etan (distantzia erdia) emango dira. Lasterkariak Pio Baroja kaiaren paretik abiatuko dira, eta lehenengo parte-hartzaileak helmugara 10:30etik aurrera (olinpikoa) eta 13:45etik aurrera (erdia) iristen hasiko direla aurreikusi da. 09:00etan hasita.
Rodriguez vs Starikowicz, errodadoreen lehia
Parte-hartzaileen kartela izango da beste behin Bilboko Triatloiaren indarguneetako bat. Aurtengo edizioak norgehiagoka zirraragarria dakarkigu distantzia-erdiko bizikleta-atalera. Izan ere, aurrez aurre ikusi ahal izango ditugu Gustavo Rodriguez, azken bi edizioetako garailea eta urteari hasiera emateko Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketa eta Iberoamerikako Txapelketako urrezko domina irabazi dituena, eta Andrew Starykowicz estatubatuarra, Ironman eta Ironman erdiko distantzietan bizikleta-sektoreko munduko errekorrak hautsi eta distantzia erdiko eta distantzia luzeko proba askotan nagusitu dena.
Ez ditugu ahaztu behar Stanislav Krylov errusiarra, 2015ean Bilbon bigarren postua lortu zuena, eta 23 urtez beheko kategoriako munduko txapeldun ohia eta sei aldiz Portugalgo txapelduna izan den Bruno Pais. Portugesak Pekingo Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen eta bigarren postua eskuratu zuen Elxen, Eneko Llanosen atzetik eta Gustavo Rodriguezen aurretik kokatuz. Hortaz, kontuan hartu beharreko hautagaia izango da.
Outsiderren zerrendan gailentzeko aukera izango duten triatleta klasiko batzuk ere badaude, besteak beste: Mikel Elgezabal, 2011ko eta 2012ko garailea; Fernando Gomez Cubero, 2011n eta 2012an bigarren gelditu zena; Jose Estrangeiro portugesa, bosgarren 2015ean; Diego Paredes, duela bi asteko Iruñeko distantzia erdiko triatloian bigarren postua eskuratu zuena; Ivan Gil arabarra; Ander Okamika, denboraldi-hasierako euskal zirkuituko zerrendaburua, eta Paulo Roberto Maciel brasildarra.
Emakumeen kategorian nabarmentzekoa da Åsa Lundströmen presentzia. Orbea-Orca Triathlon Team-eko kideak 2013an irabazi zuen Bilbon, eta bere herrialdeko txapelduna izan da behin baino gehiagotan. Hala ere, bere helburu nagusia Hawaiiko Ironmana da. Judith Corachan katalana ere Bilbon izango da. 2015eko edizioan Gurutze Fradesen atzetik bigarren postua lortu zuen eta Zarautzen hirugarren gelditu zen. Duela gutxi, gainera, Ibizako Distantzia Luzeko Espainiako txapeldun izendatu dute.
Lasterketa on bat egiteko aukerak dituzten beste triatleten artean, honako hauek nabarmen daitezke: Anna Noguera gaztea, 2015eko Iruñeko distantzia erdiko irabazlea eta distantzia bereko Espainiako txapeldunordea; Dolça Olle, Iruñean duela bi aste bigarren postua lortu zuena, Sara Loehren atzetik; Estefania Gomez kantabriarra, 2013an bigarrena izan zena; Virginia Berasategi, 2011n eta 2012an Bilboko Triatloia irabazi eta zigorra bete ostean proba honetara bueltatuko dena, eta Arrate Mintegui gasteiztarra.
Bailie eta Riveros, izar olinpikoak Bilboko Triatloian
Distantzia Olinpikoari dagokionez, uda honetan Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lehiatuko diren Ryan Bailie australiarra eta Barbara Riveros txiletarra izango ditugu protagonista. Hogeita bost urteko Railiek zazpigarren tokia du munduko ITU sailkapenean, eta Gomez Noya edo Mario Mola gisako triatletek baino ez dute gainditzen. Aurrekoan, podiumaren ateetan geratu zen Gold Coasten egindako munduko serieen proban. Txapela lortzeko Alexis Lepage kanadarra bezalako triatleten aurka lehiatu beharko du. Azken hori, Chicagoko iazko ITUren final handian, zortzigarren geratu zen 23 urtez beheko kategorian. Horrez gain, une honetan Venezuelako onena den Luis Miguel Velasquez ere arituko da, Douglas Roberts eta George Goodwin britainiarrekin batera.
Emakumeei dagokienez, Barbara Riveros, 2011ko Sprint Distantziako Munduko Txapelketan eta 2015eko Panamerikar Jokoetan urrezko domina eta Munduko Serieetan, Xterra Serieetan eta Hego Amerikako Jokoetan hainbat podium eta garaipen eskuratu dituena, Charlotte McShane australiarraren aurka lehiatuko da. Azken horrek garaipena lortu zuen 2013ko Munduko Txapelketako 23 urtez beheko kategorian eta Munduko Serieetan hainbat top 10 ere egin ditu. Australiarrak duela hamar egun bosgarren postua lortu zuen Yokohaman eta, martxoaren hasieran, Abu Dhabin zortzigarren amaitu zuen.
Horiez gain, azken egunetan, beste hainbat izen gehitu zaizkio zerrendari, besteak beste, Galiziako Camila Alonso, 2016an Habanan antolatu den Iberoamerikako Txapelketan urrezko domina irabazi duena, edota Ibone Sanchez Euskadiko txapelduna.
Hirikoibilbide klasikoa goizeko ordutegian
Triatleta guztiak Pio Baroja kaiaren parean (Udaletxearen aurrean) uretan daudela emango zaio hasiera Distantzia Erdiari. Lehenengo segmentuan, 1.900 metro egin beharko dituzte. Handik atera eta Guggenheim Museorako noranzkoan igeri egingo dute. Museoaren parera heldu eta buelta eman beharko dute, Areatzara heldu arte, bertan lehenengo trantsizioa egiteko.
Areatzan hasiko da bizikleta-sektorea: kirolariek bi itzuli zorrotz eman beharko dituzte, guztira 90 kilometroko ibilbidea osatuz, metatutako 1.100 metroko desnibelarekin. Etxebarria Parkerako noranzkoan hasiko da lasterketa. Galdakaora heldu eta Ganguren igo beharko dute birritan. Bi aldiz igaroko dira Bilbotik: lehenengo aldian, Enekuri, Deustu eta Salbeko tuneletatik sartuko dira eta Zumalakarregi Etorbidetik egingo dute aurrera; bigarrenean, aldiz, Botikazarretik eta Campo Volantinetik pasatuko dira Areatzara iritsi arte.
Azken sektorean, parte-hartzaileek hiru buelta eman beharko dizkiote korrika Itsasadarraren inguruko zirkuitu bati. Bilboko toki enblematikoetatik igaroko dira, besteak beste, Guggenheim Bilbao Museotik, Euskalduna Jauregitik eta Iberdrola Dorretik. Segmentu hori ere Areatzan hasi eta bukatuko da, eta bertan egongo da helmuga.
Proba olinpikoa toki berean hasiko da, eta triatletek 1.500 metro egin beharko dituzte igerian. Bizikleta-segmentuan 40 kilometroko itzulia eman beharko diote Gangurengo zirkuituari, eta oinezko lasterketan 10 kilometro egin beharko dituzte Abandoibarratik.
Segurtasunari dagokionez, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Babes Zibila, Gurutze Gorria eta Suhiltzaileen 200 kide ariko dira lanean, triatleten, zaleen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko.
Probaren zuzeneko jarraipena
Bilboko Triatloiaren ezaugarriak direla eta, erraza da ibilbidearen edozein puntutan zirkuituan zehar lekualdatuz joatea. Nolanahi ere, Twitterreko @bilbaotriathlon kontu ofizialaren bidez, lasterketan gertatzen denari buruzko nobedadeen eta denboren berri emango da.
Bilboko Triatloiko azken palmaresak
2015. Gurutze Frades eta Gustavo Rodriguez
2014. Maider Gaztañaga eta Gustavo Rodriguez
2013. Asa Lundström eta Aimar Agirresarobe
2012. Virginia Berasategi eta Mikel Elgezabal
2011. Virginia Berasategi eta Mikel Elgezabal