Zezenketen gaineko kontsultarik ez da egingo Bilbon

uriola.eus 2016ko mai. 27a, 09:00

Herritarrek eskatzen badiote kontsulta egingo duela adierazi du Aburto alkateak. Atzo, Zezen Plazaren erabileraren inguruko kontsulta egiteko mozioa Udal Osoko Bilkurara iritsi zen. EAJ, PSE eta PPren kontrako botoekin bertan behera geratu zen proposamena. Oposizioko gainerako alderdiek alde bozkatu zuten. 

Gasteizen eta Donostian herri-kontsulta egiteko borondatea agertu dute udal ordezkariek. "Bilbon zergatik ez", galdetu zuten atzokoan EH Bilduko zinegotziek. Zezenketen inguruko eztabaida hiritarren artean zabaltzeko proposamena da koalizioak aurkeztutakoa: "Atera dezagun eztabaida gela honetatik. Erabaki dezagun herritar guztion artean".

Kontsultaren alde agertu zen Udalberri taldea ere. "Gardentasun demokratikoa eta parte-hartzea bermatu asmoz, eta betiere zezenketen aurkako gure jarrera defendatuz, kontsulta babesten dugu tauromakiatik libre den hiria lehenbailehen izan dezagun", zioen Amaia del Arenalek.

Kontsulta ez ezik Vista Alegrerako alternatibak eskatu ditu Ganemosek "beste hiri batzutan dauden erabilera anitzeko coliseo gisa", esaterako. 

Izan ere, Bilboko zezen plazaren azkeneko datu ekonomikoek azpiegitura horren erabileraren inguruko eztabaida piztu dute berriz. 2015ean zezen plazak "153.000 euroko galerak" izan zituen EH Bilduren arabera. Datu horiek guztiek "joera bat markatzen dute" eta "unea heldu da eztabaidari bere osotasunean heltzeko". Are gehiago, Aburto alkateak "hainbeste elkarrizketetan herritarrei gai honen gaineko hitza emateko borondatea" adierazi duenean. 

Aste Nagusiko zenzenketetako diru galerak ukatu ditu PSEko bozeramale Alfonso Gilek, eta kontsultaren aurka agertu da. Bere ustez "hiritarren borondatea" udal korporazioak ordezkatzen du. 

Espazio publikoa zuzentzen duen Ricardo Barkala zinegotziaren hitzetan, "Aste Nagusiko ikuskizun garrantzitsuenak" dira zezenketak. 

 

Bilbo zezenketen aurkako hiria

'Ez da festa, burla da' izeneko kanpaina babesteko sinadura bilketa jarri du martxan Piztiak Elkarteak. Bertan Aburto alkateari eta Bilboko Udalari eskatzen die elkarteak "Vista Alegre zezen plazako jarduerak berehala eteteko beharrezko diren premiazko neurriak har ditzala". Era berean, "Bilbo zezenketen aurkako hiri izendatzeko dagokion eztabaida has dezala" eskatzen die.   

'Ez da festa bat, burla da' kanpaina