Presoen giza eskubideen urraketen berri emango diete Estatuko eta Europako erakundeei

uriola.eus 2016ko mai. 27a, 12:05

100 legelariren babesa du Euskal Herriko presoei eta Espainiako gobernuaren espetxe-politikari buruzko kontsiderazio laburrak izeneko dosierrak. Sare herritarra eta EHUko Ikasmirak ikasketa juridikoen disziplina arteko ikergunea izan ditu sustatzaile nagusi. Dosierra Estatuko eta Europako hainbat erakundeetara bidaliko dute. 

Espainiako estatuan funtsezko eskubideengatik "oso kezkatuta" azaldu dira 100 bat legelari. Kezka horren "ondorio zuzena" da gaur aurkeztu duten dosierra EHUko Ikasmirak ikerguneko Iñaki Lasagabasterren esanetan. Zehazki, "euskal presoei ukatzen zaizkien funtsezko eskubideak urratuak direlako".

Espainiako auzitegiko erresoluzioen analisia da egin dutena eta Europara helaraziko dutena. "Dossier honekin, Europako instituzioek euskal presoei ukatzen zaizkien eskubideen berri izatea nahi dugu; argi dugulako, haien aurka diharduen espetxe politika ez datorrela bat estatu demokratiko batekin".

Euskal presoak "euren eskubideak ezagutzen ez dituen legedi baten biktimak" izaten ari dira, legelarien arabera. Gainera, eskubideen urraketa honen "larritasunik gorena", hauek errespetatzeko beharrezko tutela judiziala topa ezin dutenean ematen da.  

Zehaztasunetan ere sartu dira gaurko agerraldiko partaideek. Euskal presoen urrunketa, milaka kilometrotara kokatuta dauden espetxeetan kokatuz, legelariek argiro diote "gaur egungo legediaren kontrakoa dela"; zehazki, "Europako Giza Eskubideen Auzitegiko legediaren aurkakoa. Azken honek, argi adierazi du presoek euren etxeetatik hurbil bete behar dituztela zigorrak". 

Europako legedia "argia" izan arren, badira "presoen intimitate pertsonal eta familiarekiko intimitatea ukatuak direla dioten Espainiako Auzitegiko sententziak". "Are gehiago, gai honek iritzi publikoan eragina izan duenean", Europako Parlamentuan eta prentsan oihartzuna izan ostean.  

"Presoek euren etxeetatik hurbil kondena ez dutela bete behar ere esan da, Europako legediak guztiz kontrakoa esaten duenean. Guzti hau, Auziteko Konstituzionalaren presidenteak 2015ean Europako Giza Eskubideen Justizia ikasturtean Europako Auzitegien legedia betetzen duela esan zuenean". 

Urrunketarekin hau gertatzen bada, zigorraren batuketarekin "antzeko zeozer" diote Lasagabaster eta gainerako adituek. "Europako lege baten arabera, Europan betetako zigorrak Espainiako Estatuan beteko diren zigorrei murriztu behar zaizkie. Horrela onartu zuen, hasteko, Auzitegi Gorenak, eta kasu puntual batzuetan Audientzia Nazionalak". 

 

Zigor batuketa egiteko aukera

2010eko abuztutik aurrera betetako zigorrekin, espetxe zigor batuketa egiteko aukera ezartzen duen legea onartu zen, "atzerapenarekin izan bazen ere", Espainiako Gorteetan. "Guztion harridurarako", azaldu dute EHUko Ikasmirak ikerguneko kideek. "Argi eta garbi, honek esan nahi du zigorren batuketa ezin daitekela euskal presoengan aplikatu. Denboraren limitazio hau, Europako legediaren aurkakoa da. Europako legediarekin dagoen kontradizkio hau dela eta, Europako Juztizia Auzitegian hau horrela den edo ez galdetu beharko luke, zigorren batuketa ekiditen duen Espainiako legeak Europako legediarekin ea bateragarria den". 

Espainiako auzitegiak, nahiz eta derrigortuta egon, ez diote galdera hau Europako Batasunaren Justizia auzitegiari helarazi. Legearen interpretazioa argia dela adierazi dute, Espainiako legediak ezarritakoa zuzena dela, nahiz eta erabaki hau justizia auzitegiko 11 epailek 9ren aurka onartu, eztabaidatutako erabaki batean ikus daitekeenez.  

Baina interpretazioan zalantzarik badago, Espainiako auzitegiek Europako Justizia Auzitegietan "galdetu ez dutelako da". Jarrera hau, "Europako neurrien aurka agertzen da juridikoki; are gehiago, presoen tutela judizialaren ukatzailea erabat".  

Legelarien atxikimenduak

sare.eus