Krisiaren aurreko zenbakiekin itxaropentsu emango dio hasiera Makina eta Erramintaren Biurtekoak

uriola.eus 2016ko mai. 30a, 09:44

Argazkia: @BEC_BIEMH

Sei egunez BECeko sei pabilioiak beteta egongo dira. Bertako eta mundu osoko fabrikatzaile, inportatzaile, banatzaile eta erosle nagusiak BIEMH-Makina Erremintaren Biurtekoaren azkenaldiko ediziorik "onenean" bilduko dira, antolatzaileen esanetan, gaurtik ekainaren 4ra. Bitarte horretan, Bilboko Udalak ordu bi luzatuko du ostalaritzako lokalak ixteko ordua.

Euskal Herriko topaketa industrial handia indartsu dator aurten: 30 bat herrialdetako 1.533 enpresa erakusketari izango dira, hala nola 2.605 produktu eta tamaina handiko 1.163 makina martxan, eta gutxi gorabehera 36 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du.

Azken berrikuntza teknologikoak "negozio-aukera" bihurtuko dira BIEMHen, merkatu nagusietako milaka profesional izango baitira bertan. Azokak, hala, "industriaren suspertzeari lagunduko dio", funtsezko gakoen berri emango duen heinean makina produktiboetan inbertitzeko eta berauek modernizatzeko proiektu berriak garatzeko. 

Horrez gain, eta fabrikazio gehigarriarekiko konpromisoa sendotzeko, BIEMHekin batera ADDIT3D azoka egingo da, alegia, fabrikazio gehigarriari eta 3Dri eskainitako lehen azoka profesionala. Bestetik, WORKinn-en lehenengo edizioa egingo da, eta bertan lan-proposamen zehatzak eta prestakuntzari begirakoak topatu ahal izango dituzte esparru industrialarekin loturiko ikasleek eta lana aktiboki bilatzen ari diren profesionalek, maiatzaren 31tik ekainaren 3ra.

Aste honetan bertan, Bilbao Exhibition Centrek beste eduki batzuk gehituko ditu Oil&Gas Conference eta Maintenance Innovation Conference azoketan, maiatzaren 31tik ekainaren 1era eta 2tik 3ra, hurrenez hurren, azoka-esparrua erakargarri industrial izugarria bilakatuta. 

BIEMH Bilbao Exhibition Centrek eta AFM-Advanced Manufacturing Technologiesek antolatuta dago, eta Eusko Jaurlaritzaren eta AIMHE-Makina Erremintaren Inportatzaileen Elkartearen laguntza dauka. 

 

BIEMH 4.0: fabrikazio adimendunaren oraina eta etorkizuna 

29. BIEMHeko protagonistak smart solutions deritzenak izango dira, eta erantzun berriak eskainiko ditu 4.0 industriaren erronkak ulertzeko. Horietan nagusituko diren kontzeptuek lotura izango dute 'Internet gauzetan' aplikatzearekin, errobotika kolaboratiboarekin, errealitate birtual eta handituarekin eta prozesu konplexuen automatizazio, kontrol eta monitorizazioarekin. 'Fabrikaziorako fabrikazio-azoka' izango da, eta oraina eta etorkizuna uztartuko ditu sistema adimendun hiperkonektatu eta malguei dagokienez neurrirako konponbideak eskaintzeko. 

Erakusketa-eremua, Bilabo Exhibition Centren aurreikusitako gehieneko azalera hartuko duena, ondoko sektoreetako enpresen artean banatuko da: abiorako makineria (% 22), deformazio bidezko makineria eta txapa-mozketa (%12), erremintak (%12), osagarriak (%10), osagai hidraulikoak eta pneumatikoak (%9), errobotika eta automatizazioa (%9), metrologia eta kalitate-kontrola (%5), ekoizpen eta fabrikaziorako softwarea (% 4), ekipo elektriko eta elektronikoak (%4), soldadura (%3), zerbitzuak (%5) eta bestelako makinak (%5). 

1. pabiloian, era berean, abioko, metrologiako, CAD/CAM eta softwareko enpresak izango dira; 2.ean, abiokoak, ADDIT3D, abioa, errobotika eta soldadura; 4Bn, osagarriak, osagaiak eta IKTak; 5.ean, txapa-deformazioa; eta, azkenik, 6.ean, osagarriak, osagaiak eta erremintak. 

 

Enpresa erakusketarien %59 atzerritarrak

27 herrialdetako enpresak erakutsiko dituzte beren ekipoak, produktuak eta zerbitzuak BIEMHen; hala, barne-eskariaren egungo susperraldiaz baliatuko dira. Ondorioz, azokaren nazioartekotzea sendotu egin da, izan ere, enpresa erakusketarien %59 atzerritarrak izango dira: Italia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Taiwangoak nabarmenduko dira, baina, besteak beste, Txekiar Errepublika, Suitza, Txina, Turkia, Bulgaria, Belgika, Holanda, Austria, Danimarka, Argentina, AEB eta Suediatik ere etorriko dira.

Enpresa horientzat, BIEMH erakusleiho aparta izango da beren produkturik onenak estatuko profesionalei erakusteko, baita Europako edo Hego Amerikako merkatuetakoei ere. Nazioarteko zirkuitu zabalagoetara iristeko aukera, BECek garaturiko nazioarteko erosleen programari esker, BIEMHeko erakusketariek gehien balioesten dituzten alderdietako bat da. 

 

Berritasunak eta makina handiak erakusleiho bakarrean

Erakusketariek beren teknologiarik berriena jarriko dute ikusgai BIEMHen, eta zuzenean eta modu errazean erakutsiko dituzte konponbide oso berritzaileak enpresei beren lehiakortasuna hobetzen jarrai dezaten laguntzeko. 2.605 produktu bilduta, horietatik 1.163 martxan izango dira, azoka berriro bihurtuko da punta-puntako enpresen fabrikazio gehigarriaren esparruko berritasun eta joeren erakusleiho bikaina. 

Hain zuzen, enpresa oso berritzaileak eta balio erantsi handiko produktuak dituztenak azokan izateak bihurtu du BIEMH Europako hitzordurik garrantzitsuenetakoa, eta horixe islatu nahi izan du aurtengo leloak: You make it big (Zuk egiten duzu handi). 

Aurtengo makina handien eta berritasun nabarmenen artean, ondokoak izango dira: TruBend 7036, TRUMPFena, modelo eredugarria gizakiaren eta makinaren arteko batasunerako; aurrera egiteko abiadura handiak, lan-baldintza onekin batera, tolesteko makina honen produktibitate orokorra areagotzen du; Thor World Premiere, TECOIrena, mekanizaziorako potentzia handiko makinaren kontzeptu berria, zulatzeko kalitate-maila handiarekin eta neurri ertain eta handietarako gaitasun apartarekin diseinatua; LG-1000 Artezteko Makina Berria, DANOBATena, gama horretako modelorik handiena, konplexutasun handiko piezak ekoizteko sortua, esaterako, mozteko erremintak, doitasun-osagai hidraulikoak eta automobilgintzako piezak; Geminis GT7/R tornu berria, GORATUrena, ardatza eta gurpil muntatuak mekanizatzeko, Geminisen tornu horizontalen gamako azkeneko berrikuntza trenbideen sektorerako....

BIEMHeko Erakusketarien Direktorioa 2018ra arte egongo da ikusgai, eta informazio interaktiboa eskainiko du sektoreko enpresa nagusiei buruz, haien produktuen deskribapen teknikoekin, berritasunen xehetasunarekin, berriak, irudiak, material multimedia eta agente eta banatzaileak bilatzeko iragarkiak barne. 

 

ADDIT3D, fabrikazio gehigarriari eta 3d-ri eskainitako ekimen aitzindaria 

ADDIT3D fabrikazio gehigarriari eta 3Dri eskainiko zaion Espainiako lehenengo erakusketa profesionala izango da, eta BIEMHekin batera egingo da. Foro horren bitartez, antolatzaileek, Bilbao Exhibition Centrek eta Addimatek, beste urrats bat emango dute fabrikazio aurreratuarekin duten konpromisoan, dagoeneko jarduera industriala goitik behera aldatzen ari diren teknologien erreferentzia-gunea eskainiko duten heinean. ADDIT3D ekimen aitzindaria da, sektore horri eskainiko zaion lehenengo foroa.

ADDIT3D azokako erakusketa-eremuan, makineria, aplikazio industrial, material eta ikerketaren arloko 84 enpresa izango dira guztira. Horrez gain, erakusketa-eremuan hitzaldi eta jardueren egitarau zabala eskainiko da, dibulgaziozko alderdia eta teknikoa produktu eta aplikazio berritzaileen aurkezpenekin uztartuta. Paradigma-aldaketa piezen fabrikazioan”, 3D inprimaketa eta aplikazioak sektore estrategikoetan eta 3D inprimaketa iritsi da industria aeronautikora gaien arabera antolaturiko atalei esker, bertaratuek hainbat ikuspuntutatik ezagutu ahal izango dute fabrikazio gehigarria, baita barne hartzen duen guztia eta eskaintzen dituen askotariko abantailak ere.

Teknologia horiei eskainitako berariazko eremua sortu izanak erantzuna eman dio enpresen nahiari, alegia, haien abantaila lehiakorrak sendotze aldera 4.0. manufakturaren garapenean aurrera egin ahal izateari. Azokan, fabrikazio gehigarria euren prozesuetan txertatzen hasiak diren enpresek zein aplikatzeko orduan garapen-maila handiagoa lortu dutenek erantzunak eta konponbide berriak topatuko dituzte beraien balio-kate osorako.  

biemh.bilbaoexhibitioncentre.com

@BEC_BIEMH

 

Ostalaritzako ordutegiaren luzapena

Bilboko Udalak ostalaritzako lokalak ixteko ordua luzatzea erabaki du maiatzaren 30etik ekainaren 2ra bitartean egingo den Espainiako Makina Erreminta Bienala eta ekainaren 2tik 4ra bitartean egingo den El Sol Publizitate Komunikazioaren Iberoamerikako jaialdia dela eta, uriko ekitaldi handiekin erlazionatutako beste datez gain. 

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak egindako eskariari emandako erantzuna da neurria.

Luzapen hori ondoren adierazitako egunetan aplikatuko zaie ostalaritzako lokal guztiei, 'eguneko lokalei' (bestelako ordutegia dute) eta terrazei izan ezik: 

Espainiako Makina Erreminta Bienala: maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean

El Sol Publizitate Komunikazioaren Iberoamerikako jaialdia: ekainaren 2an, 3an eta 4an.

Bilbao BBK Live, uztailaren 7an, 8an eta 9an.

Aste Nagusian, abuztuaren 20tik 28ra bitartean (kasu honetan, ordutegiaren luzapena “eguneko lokalei” ere aplikatuko zaie)

Bilbao Night Marathon, urriaren 22an

Halloween, urriaren 31n

Eguberri aurreko epealdia, abenduaren 2tik 10era

Gabonetan, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra bitartean

Era berean, Bilbon jai-ospakizunak edo interes turistikodunak egiten direnean neurri hau aplikatu ahal izango du Udalak.