Iberdrola Bilbao World Sup Challenge gaurtik igandera itzuliko da itsasadarrera

uriola.eus 2016ko eka. 3a, 08:18

www.standuplatino.com

Stand Up Paddle-ak kirolen artean lekua egitea lortu du, urtero gero eta jarraitzaile gehiago lortzen dituen modako kirol bihurtu arte. Aurreko edizioetan parte hartu duten hainbat herrialdetako kirolariei esker, txapelketa munduko garrantzitsuenetako eta erabakigarrienetako bat izatea lortu da.

Aurten ere, EuroTour 2016 zirkuituko proba garrantzitsuenetakoa izango da, 6-stars kategoriakoa, eta horregatik, Bilbon porturatuko dira rider onenak, podiumeko posturik altuena lortzeko norgehiagokan.

Berritasun bezala, laugarren edizio hau EAEko Kopari atxikita egongo da, Donostian ekainaren 10eko, 11ko eta 12ko asteburuan egingo den probarekin batera. Bi proba horien bidez erabakiko da nor den Euskadiko txapelduna. Bestalde, Euskal Herriko Surf Federazioko kide diren elite kategoriako rider guztiek beherapen esanguratsua izango dute Iberdrola Bilbao World Sup Challenge txapelketan izena ematean. Kategoria horretan lehiatzeko ordaindu behar diren 80 euroen ordez, 50 euro baino ez dituzte ordainduko.

Gainerako berritasunen artean, 2016. urteko edizioak formatu berria izango du. Aurtengoan, larunbatean izango da Long Race lasterketa, hau da, distantzia luzeko proba. Bertan lortutako puntuek Europako txapelketarako balio izango dute, eta saria finalista profesionalen artean banatu beharko dute: 10.000 euro. Igandean, aldiz, Sprint Race abiadura proba egingo da goizean. Irabazleak opari erakargarriekin sarituko dira.

Txapelketak dituen kategoria ugariei esker, kirol honen zale guztiek izango dute parte hartzeko aukera, adina, sexua edo esperientzia edozein dela ere. Gaurtik aurrera, parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Elite, Open Race, amateur edo junior kategorietan. Txikienek ere oholaren gainean duten trebezia erakusteko aukera izango dute Txiki Race txapelketa arrakastatsuan. Txapelketa horretan azkarrenak goraipatuko dira, baina denek izango dute saria.

Eta oraindik kirol hori probatu ez dutenentzat, erakundeak doako SUP-Clinics saioak eskainiko ditu, eta horietan, Stand Up Paddle-ko profesionalek haien trikimailuak irakatsiko dizkiete oholaren gainean ahalik eta gehien disfruta dezaten. 

Jaia eta giro ona ziurtatuta daude asteburu osoan, bai uretan, bai uretatik kanpo. Izan ere, SUPak Uribitarte kaia ere beteko du askotariko jarduerekin, baina, oraingoan lehorrean: umeentzako tailerrak, kirol-erakusketak, oholen salmenta, skate lasterketak, musika zuzenean… Nagusiak zein txikiak erakarriko dituen agertoki baterako osagai guztiak egongo dira.

IBWSC txapelketa, berriz ere, Bilbon SUPa sustatzen duen Bwaters klubaren eskutik, heldu da, Udalaren laguntzaz eta Iberdrolaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren apustuari esker.

Aurtengo proban parte hartu nahi dutenek bilbaoworldsupchallenge.com webgune ofizialean izena eman dezakete. Gainera, aurreko urteetako edizioetan bezalaxe, erakundeak Facebook-en (facebook.com/BilbaoWorldSupChallenge) eta Instagram-en (instagram.com/bilbaoworldsupchallenge) dituen profilez baliatuko da probaren berri emateko.