Gertek eta Acciona enpresek zuzenduko dute TAO zerbitzua 2020ra arte

uriola.eus 2016ko eka. 1a, 09:00

Gobernu Batzordeak gaur goizean onartu du Trafiko eta Aparkamendurako Ordenantzaren (TAO) zerbitzu berria Gertek eta Acciona enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatzea. Kontratu berrian Zirkulazio eta Garraio Sailak areagotu egingo ditu zerbitzuaren kontrola eta gestioa; izan ere, funtsezko baliabidea da udalerriko mugikortasun jasangarriari buruzko plan eta politiketarako.

Abuztuan indarrean jarriko den TAO zerbitzuaren kontratu berrian garrantzizko berrikuntza teknologikoak sartu dira. Esaterako, gaur egun Bilbon dauden hainbat parkimetroren ordez, punta-puntako makina berriak jarriko dira apurka-apurka eta eskuko telefonoetarako aplikazioa era bai, lagungarria izango baita ordaintzeko edo libre dauden aparkalekuak bilatzeko, besteak beste.

TAO zerbitzu berrirako trantsizio-aldia abuztuan egingo da, hirian mugimendu gutxiago egongo denez, errazago izango delako aldaketak egitea eta ahalik eta endredorik gutxien eragitea erabiltzaileei.

Zerbitzua lau urterako adjudikatu da 37 milioi eurotan eta bi urtez luza daiteke.

TAO zerbitzuaren udal gestioaren eredu berriarekin Udalak beste urrats bat eman du Bilbon eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzeko. Aldaketa horiekin errazagoa eta erosoagoa izango da aparkatzea Bilboko TAOren erabiltzaileentzat.

TAO eredu berria

Kontratu berria abuztuan indarrean sartzen denean erabateko aldaketa izango da zerbitzuaren gestioan. Udalak gestionatuko du TAO zerbitzua, horrek inplikatzen duen guztiarekin (gestio ekonomikoa, zerbitzuaren kontu-ikuskapena…). Adjudikazioduna den aldi baterako enpresa-elkartea izango da, ostera, aparkamenduaren kontrola eta kolaborazio-lanak egingo dituena eta diru-ordaina jasoko duena eskaintzen dituen zerbitzuengatik.

Udalak TAO sistemaren kontrol integralerako zentroa izango du, teknologia berriek ematen dituzten prestazioekin; betiere, aparkalekuaren arloan Udalak dituen helburuak betetze aldera.

Gestio sistema berria Udalaren gainerako plataformetan egongo da sartuta eta eskainiko dituen datuak ere Open Data plataforman sartuko dira