Epaileak beste sei hilabetez luzatu du Cabacasen auziaren instrukzio fasea

uriola.eus 2016ko eka. 6a, 16:23

Ana Torres epaileak Iñigo Cabacasen heriotza ikertzeko instrukzio fasea sei hilabetez luzatzea erabaki du. Hala eskatu zuen Cabacasen familiaren akusazio partikularrak, hain zuzen ere, ikertu beharreko probak daudela argudiatu baitu Jone Goirizelaia abokatuak. Iñigo Gogogan plataformak erabakia hartu bitartean, eserialdia egin du epaitegi aurrean, beste behin, "justiza" eskatzeko. 

Aukera ezberdinak zituen Torres epaileak gaurko egunerako: instrukzio fasea amaitutzat eman, luzatu, auzia artxibatu edota epaiketa abiaraztea. Azkenean, luzapenaren alde egin du eta beste sei hilabetez, Cabacas auzian epaiketa egin edo ez erabakitzeko beharrezko frogak aurkeztu ahalko dituzte Fiskaltzak eta defentsak. 

Hainbat hedabidek kaleratu bezala, Fiskaltza auzia artxibatzearen aldekoa zen eta aldiz, Jone Goirizelaiak, Cabacasen familiaren abokatuak, luzapenaren alde egin zuen, hainbat proba eskatu eta ertzainek berriro deklaratzea nahi zuelako.

Hain zuzen ere, aurreko astean auziperatutako ertzainen adierazpenen aurrean -El Correo egunkarian argitaratuak-, hauek berriro deklaratzea eskatuko du. Adierazpen horietan auziperatutako ertzainek momentura arteko isilaldiarekin bukatu zuten esanez, "salduta" sentitzen direla. Gainera, haiekin batera, 2012ko apirilaren 5ean, Maria Diaz de Haroko kalezuloan egondako gainerako poliziei "gezurretan" aritzea leporatu zieten. Gehitu zuten ere, auzipetuta ez dauden ertzain horien artean dagoela Cabacas hil zuena.

Torresek erabakia hartzen zuen bitartean, Iñigo Gogoan Herri Ekimeneko hainbat lagunek eserialdia egin dute epaitegien aurrean, lehengo Albiako Lorategietan eta ondoren, Buenos Aires kaleko sarreran. Protesten bidez "justizia" exijitu eta Fiskaltzaren zein epaitegien "zabarkeria" salatu dute. Kezkatuta agertu dira Fiskaltzak aurreko astean esandakoen aurrean, "ez duela beharrezkoa ikusten ikertzen jarraitzea".

[2016-06-06] Gaur erabakiko dute Cabacasen auziaren etorkizuna