Etxebizitza duina aldarrikatzeko 30 orduko baraualdia hasi dute

uriola.eus 2016ko eka. 7a, 11:30

Etxebizitza Legearen aurkako eta legea garatzen duen dekretuaren aurkako ekintza da gaur goizeko 10:30ean dozena bat lagunek Areatzan abiarazi dutena. Bai legeak bai dekretuak kaltetutako lagunak dira batzuk eta horiek babestu nahi dituztenak beste batzuk. Bihar 17:30ean emango diote amaiera baraualdiari, 30 orduren ostean. 

Kanpin-denda eta lo-zakuekin hurbidu dira gaur goizean goizetik Areatzara hainbat lagun bertan 30 orduko protesta ekintza gauzatu asmoz. Egun existitzen diren bazterkeria kasuak ikusaraztea dute helburu. Besteak beste, 2015ean EAEn gizarte bazterketa kasuak %15 handitu direla adierazi dute ekimeneko partaideek.

Datu horri beste batzuk erantsi dizkiote egungo egoeraren izpilu. "Biztanleen %11 txirotasun arriskuan bizi dira; baliabide materialen gabezia handia dutela %4,6; lana aurkitzeko arazoa dutela %14,3; eta pobrezia mailatik beherako soldata dutela langileen %18. Guztira, EAEko familien herenak baino gehiagok muturreko txirotasun egoera bizi du edota ohiko etxebizitzari eusteko arazoak ditu".  

Etxebizitza Legea eta legea garatzen duten dekretuak "murriztaileak" direla gogoratu dute Bizkaiko hainbat gizarte eragilek orain baino lehen. Gaur ekimenarekin bat eginez berriro ere murrizketa horiek salatu dituzte. "2015ean Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren onuradunetatik 30.000 familiari eragingo liokete murriketek, Lanbidek kudeatuta, eta Gizarte Larrialdietako Laguntzaren 6.500 eskatzaileri, EAEko udalek kudeatuta". 

Horregatik "Eusko Jaurlaritzak landuta dituen Etxebizitza Legea eta dekretuak indarrean sartuko balira, milaka familia horiek alokairuko etxebizitza batek dituen gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa eskuratzeko eskubidea galduko lukete, Etxebizitza Legearen ondorio den Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berria eskatzeko baldintzak gogortu direlako". 
 
Aipatutakoak ez dira balizko kasuak, Etxebide eta Lanbidetik "jada ezarri diren murrizketak" baizik. Bai alokairuko etxebizitzaren eskatzaileei bai Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren eskatzaileei.  
 
30 orduko barauldia antolatu duten Bizkaiko gizarte eragileak: Argilan, Argitan (Centro Asesor de la Mujer de Barakaldo), Asociacion Trabajadoras de Hogar de Bizkaia, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos eta PAH Bizkaia Kaleratzerik EZ/STOP Desahucios.