Arte Ederretako Museoko langileek greba mugagabeari ekin diote

uriola.eus 2016ko eka. 7a, 12:30

Manpower enpresako azpikontratatutako Bilboko Arte Ederretako Museoan lanean ari diren langileek mugagabeko grebari eman diote hasiera. Greba ELA eta LAB sindikatuek deitu dute "soldata-justu eta lan-baldintzen defentsan".

Manpower enpresan lanean ari diren langileek museoko takila, aretoko laguntzaile, denda, harrera eta hezkuntza zerbitzua osatzen dute, eta LAB sindikatuaren hitzetan orain arte ez dute "konpromisorik" lortu ez Museoarekin ez enpresa berarekin. 

Langileek lehengo maiatzaren 16an greba egin zuten "baldintza duinen alde". Egun horretan Arte Ederretako Museoa itxi behar izan zuten nahikoa langile ez zegoelako. LABek aditzera eman duenez, egun osoko lanaldiagatik bertako langileek "hilean 880 euro" irabazten dituzte, "jarraitzeko berme izpirik ez" dutela gaineratuz. 

Bestalde, Manpower enpresaren zuzendaritzak langileen aldarrikapena "politikoa" dela adierazi du, ondorioz, greba "testuingurutik kanpo" dagoela esan du. 

Manpower Groupentzat lan egiten duten 34 pertsonaren lanpostuek ez dute "inolako egonkortasunik" –subrogazioa ez baitute bermatuta–, sindikatuen arabera. Hamar urte inguru daramatzate lanean, eta izoztuta dute soldata. Gainera, "askok lanaldi partzialak dituzte". Horregatik, Arte Ederren Museoari eskatzen diote "bere egitekoa betetzeko funtsezkoak dituen langileen lan baldintzak bermatzea", eta Bilboko Udalari eta Patronatuari "beharrezko neurriak hartzea langileek lan duintasuna berreskuratzeko". ELA eta LAB sindikatuek babestu zuten agerraldian azaldu zutenez, "museo publiko bat non langileak lan prekarietatean murgiduta dauden, ez da izango kultura erreferente bat ez aberastasun iturria gizarterako, ez orain ez inoiz".