Otsailean gogoetaldia hasita, ostalaritzako lokaletarako lizentzia berriak emateko baimena etetearekin batera, Bilboko Udalak hirigintza-araudia aldatu eta "iraunkortasuneko irizpideetan oinarrituta", hirigunea "babesteari" ekin dio, hurrengo eremu bitan: batetik, Indautxu, Abando eta Kastañoseko zati batean; eta bestetik, Basurtu eta Ametzolan.
Zazpikalen hasitako ildoari jarraiki, Udalbatzak dentsitate eta distantzia-sistema berria proposatu du merkataritzako eta ostalaritzako lokaletarako, Bilboko auzo hauek "merkataritzarako eta etxebizitzetarako ingurune gisa babesteko". Horretarako, auzokoen, merkatarien, ostalarien eta alderdi politikoen ekarpenak jaso dituzte.
Atzo arratsaldean Bilboko Udal Plangintzarako Aholku Batzordearen aurrean aurkeztuko den proposamenean, bide-zati dentsifikatuak (guztizkoaren %18,3 direnak eta tabernarik edo jatetxerik ipini ezingo direnak), merkataritzarako korridoreak eta babes-maila handiko hiriko zidorrak ezarri dira.
Udal Plangintzarako Aholku Batzordearen txostena jaso behar duen araua Gobernu Batzordean onartu eta Udal Osoko Bilkuran berretsi behar izango dute, aurreikusitakoaren arabera, "urte amaieran".
Aurrekariak: Zabalguneko jardueren ezarpena
Bilbao Ekintzak ostalaritzaren eta merkataritzaren bilakaerari buruz egindako azterketaren arabera, 2008 eta 2015 bitartean, Indautxun (-0,2%) eta Abandon (-%6,7) jaitsi zen ostalaritzako saltoki-kopurua. Jaitsiera nabarmenagoa izan zen Abandon, Bilbo osoan baino.
Hala ere, zenbait kaletan ostalaritzako lokalak "nabarmen metatu dira gune jakin batzuen inguruan". Horietan %7 eta %38 arteko igoerak izan dira.
%10etik gorako hazkundea duten kasu nabarienak dira Ledesma-Albia-Aldundia eremua; Campuzano-Pozas Ingurunea (Garcia Rivero barne); Heros-Ajuriagerra bidegurutzea; Mazarredo zumarkalea; Villarias kalearen ingurunea; eta Autonomia eta Gordoniz kaleen inguruko espazioa.
Datu hauek eta egindako analisia ikusita, ingurumenaren eta ingurunearen babesaren barruan, "jarduera ekonomikoen ezarpena eta erabileren nahasketan oreka edukitzea" bermatu nahi du Udalak, "HAPNren Zabalguneko 7. Ordenantzaren eremuan, eraikuntzen balio arkitektonikoa zainduta eta bizitegirako lekua izatea babestuta".
Jarduera komertziala sustatzeko araudia eguneratzea
Zazpikalen egin bezala, araudiaren aldaketak eragina duen auzoen barruko eremuak "haien ezaugarrien arabera mugatu dira", merkataritzarako diren bide-zatiak, etxebizitzak nagusi direnak edo, "batez ere, ostalaritzarakoak zeintzuk diren agerian utzita".
Hartara, azterketa horretan oinarrituta, gehieneko dentsitateak zehaztu dira 100 metroko dagoen saltoki-kopuruaren ratioen eta horietako bakoitzerako ehuneko egokiaren arabera. Gainera, honako erabilera-moten araberako gutxieneko distantziak ezarri dira: janaridendak, autozerbitzuko erregimenean; ostalaritza (I Taldekoak izan ezik -alkohola saldu ezin dute dastandegiak, zuku-dendak, edo izozki-dendak- edo II-R Taldekoak -barra bako jatetxeak eta txokoak); jokoa eta aisiakoak; eta bankuak eta aseguru-agentziak.
Lau kategoria
Halaber, erabilerak ez metatzeko eta haien arteko oreka lortzeko asmoz, lau kategoria berezitu dira aztertutako eremu guztien artean:
Bide-zati Dentsifikatuak
Guztizkoaren %18,3a ordezkatzen dute eta horietan ezin izango da ostalaritzako jarduera berririk ezarri, gehiago hartzeko gaitasuna agortu dutelako. Kasu honetan daude, esate baterako, Ledesma, Iparragirre, Mazarredo, Poza Lizentziatua edo Garcia Rivero kaleen zati batzuk.
Merkataritzarako korridoreak
Babes berezia eta distantziei buruzko eskakizun gehiago izango dituzte, lokalak edo terrazak ipintzeari dagokionez. Guztizkoaren %4,3 hartzen dute eta tabernak nahiz jatetxeak irekitzeko haien arteko gutxieneko distantzia 40 metrokoa izango da.
Hona hemen merkataritzako korridoreak hartzeko ezarritako espazioak: Kale Nagusia (Plaza Biribilaren eta Gregorio de la Revilla kalearen artean), Ertzilla (Moiua plazaren eta Indautxu plazaren artean), Rodriguez Arias (Errekalde zumarkalearen eta Campuzano plazaren artean) eta Nafarroa kalea.
Hiriko Zidorrak
Merkataritzarako Korridoreak bezala, babes berezia izango dute, ostalaritzako lokaletarako 35 metroko gutxieneko distantzia ezarrita.
Guztizkoaren %3,8 dira, eta hiriko zidorrak honako hauek dira: Kale Nagusia (Gregorio la Revilla kalearen eta Jesusen Bihotza plazaren artean), Iparragirre (Mazarredo eta San Mames zumarkaleen artean) eta Ertzilla (Moiua plazaren eta Mazarredo zumarkalearen artean).
Azkenik, gainerako espazioetan (guztizkoaren %73,6) ostalaritzako lokalak irekitzeko gutxieneko distantzia 30 metrokoa izango da.
Terrazak, lekualdatzeak eta tramitatzeko epeak
Terrazen kokapenari dagokionez, hori egiteko "eskakizun bereziak" jarraitu behar izango dira araudiak ezarritako hainbat eremutan, "ezarpenaren intentsitate handiagatik". Irizpideak "uniformitatea" eta "ireki baino lehen antolamenduko proiektua aurkeztea" dira. Hala egingo dute Uribitarteko zeharkalearen nahiz Ledesma, Aldundia, Arbieto, Lutxana, San Bizente eta San Mames kaleen oinezkoen alderdietan eta Garcia Rivero kalean.
Bestetik, taberna eta jatetxeak "lekuz aldatu ahal izango dira", saltoki berririk hartu ezin duten kaleetatik beste gune ez dentsifikatuetara, "lizentziari uko eginda eta gune ez dentsifikatuetan distantziei buruz ezarritako eskakizunak bete ez arren", erabileren arteko oreka handiagoa sustatze aldera. Edonola ere, azaleraren gehikuntza ezin izango da lokalaren azaleraren %20a baino gehiagokoa izan eta kale-zati ez-dentsifikatu bakoitzean gehienez lokal berri bat soilik baimenduko da.
Halaber, II eta III taldeetako ostalaritzako negozioak -tabernak, jatetxeak eta pubak edo diskotekak- bide-zati dentsifikatu beraren barruko beste lokal batera lekuz aldatu ahal izango dira, betiere horrek jarduera bat kentzea baldin badakar edo pub zein diskoteka jakin bat taberna bihurtzen badu.
Urte amaieran onartuko den araudi berritua
Atzo aurkeztutako araudiaren aldaketa berriro eraman behar izango dute Udal Plangintzaren Aholku Batzordera, gai honi buruzko txostena egin dezan. Ondoren, Gobernu Batzordean onartu eta Udal Osoko Bilkuran behin betiko berretsi behar izango dute. Aurreikusitakoaren arabera, urte amaieran gertatuko da hori.