Etxebizitza duinaren alde, 30 orduko baraualdia Areatzan

uriola.eus 2016ko eka. 8a, 12:30

Atzo hasi zen Bizkaiko zenbait eragilek aurrera eramandako 30 orduko baraualdia Areatzan. Alokairu sozial bat lortzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, pertsona orok etxebizitza duina, segurua, erosoa eta oinarrizko zerbitzuekin erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen ari dira. 

Argilan, Argitan, Baietz Basauri, Brujas y Diversas, Danok Lan, Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos eta PAH Bizkaia dira kontzentrazioan parte hartu duten eragile sozialak. Atzo goizeko 10:30ean abiarazi zuten baraualdia eta gaurko 17:30ean bukatuko dute Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin egingo duten bilerarekin bat. Bertan, gaur goizean plazaratutako manifestua entregatuko diote sailburuari. 

Epe laburrean indarrean sar daitekeen Etxebizitza Legea eta legea garatzen duten dekretuak "murriztaileak" direla gogoratu dute Bizkaiko hainbat gizarte eragilek orain baino lehen. Gaur ekimenarekin bat eginez berriro ere murrizketa horiek salatu dituzte. "2015ean Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren onuradunetatik 30.000 familiari eragingo liokete murriketek, Lanbidek kudeatuta, eta Gizarte Larrialdietako Laguntzaren 6.500 eskatzaileri, EAEko udalek kudeatuta". 

Horregatik "Eusko Jaurlaritzak landuta dituen Etxebizitza Legea eta dekretuak indarrean sartuko balira, milaka familia horiek alokairuko etxebizitza batek dituen gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa eskuratzeko eskubidea galduko lukete, Etxebizitza Legearen ondorio den Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berria eskatzeko baldintzak gogortu direlako".

Honekin guztiarekin, baraualdian parte hartzen duten kideek etxebizitzaren balorea berreskuratzea "beharrezkoa" dela esan dute, "merkantziaren logikatik kanpo" utziz. Etxebizitzaren arazoari "erantzun kolektiboa" ematea "beharrezkoa" dela uste dute.

Bukatzeko, alokairuen merkatuaren erregularizazioa, alokairu soziala, hutsik dauden etxeen okupazio eta berrerabilpena aipatu dituzte "premiazko ekintza" modura etxebizitza eskubidea bermatzeko. 

 

[2016/06/07] Etxebizitza duina aldarrikatzeko 30 orduko baraualdia hasi dute