Deustu Arraun Taldea gizonezko eta emakumezko traineruarekin lehiatuko da denboraldi berrian

uriola.eus 2016ko eka. 9a, 11:34

Argazkia: Deustu Arraun Taldea

Etxean estreinatuko dira Deustuko mutilak ekainaren 18an, Bilbo 716. Urteurrena banderan. KAE1 mailan iaz lortutako laugarren postuari eustea dute helburu. Neskek, berriz, Euskotren Ligarako sailkapena dute erronka.

Estropadarekin ospatuko du Bilbo hiriak, besteak beste, bere 716. urteurrena ekainaren 18an. 17:00etan ontziratuko dira Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) lehen mailako traineruak denboraldi berriari hasiera emanez. 12 ontzi, hain zuzen ere. Deusturekin batera Castro, Donostiarra, Getaria, Hondarribia, Lekittarra, Santurtzi, Ondarroa, Orio, Pedreña, Sanpedrotarra eta Zarautz. Banakako erlojupekoan (1 kale, 4 luze) lehiatuko dira lehen norgehiagoka horretan. 

Tomateroen erronka iazko laugarren postua mantendu eta, ahal den neurrian, hobetzea da.

 

Deustuko neskak

Joan den asteazkenean Getxoko kirol portuan aurkeztu ziren denboraldi berrian lehiatuko diren 16 ontzi bizkaitarren artean bakarra da emakumeena. Deustukoa, alegia. Klubak jakinarazi duenez, Deustuko 10 arraunlarik, Portugaleteko hiruk eta Iberia, Kaiku eta Arkoteko arraunlari banak osatuko dute eskifaia.  

Klub gisa Bizkaian osatzen den lehen emakumezkoen trainerua da Deustukoa. "Hurrengo kanpainetan nesken talde gehiago izatea" espero du Bizkaiko Arraun Federazioko Borja Rodrigok. Zenbakiak baikorrak dira. "140 emakumezko arraunlariren fitxa izatetik 200 fitxako muga gainditzera pasa gara", zioen Rodrigok. 

2014an federazioak saiakera egin zuen Bizkaiko neskek osatutako arraunlarien selekzioa sortzeko. Saiakerak ez zuen aurrera egin.

 

@DeustuAT 

www.deustuarrauntaldea.com