Errefuxiatuen Nazioarteko Egunarekin bat, manifestazioa abiatuko da arratsaldean Moyuatik

uriola.eus 2016ko eka. 20a, 09:54

Herritarrek eskatu ezean, gobernuek asilo eskubidea “sistematikoki urratzen jarraituko dutela” uste du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Horregatik dei egin die indar soziopolitikoei eta biztanleriari antolatzera eta mobilizatzera, “mugak ireki eta migratzaile, asilo eskatzaile eta mota orotako errefuxiatuen aldeko politika sozialak aplika ditzaten exijitzeko”. 

Lehenaldian jaso duen laguntza gaur egun behar dutenei ez ematea leporatzen dio Europari oro har Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Europak, bere historian, hainbat kontinente eta herritako gerrak eta sarraskiak “sustatu” dituela dio plataformak, “bai eta berauetan parte hartu ere”. “Paradoxikoki, Europatik beste herrialde batzuetara babes bila atera ziren milaka eta milaka pertsonak ongi etorriak izan ziren, eta, hala, bestelako bizimodu bat hasteko aukera izan zuten”. 

Egun, Europarantz ihes egiten dutenek “mespretxua, kriminalizazioa eta errepresioa besterik ez dute jasotzen” EBko estatu kideengandik. Mespretxua “gizaki horiekiko, egoera oso zailean egonik beren bizi-proiektua bakean garatzeko toki bat bilatzeko premia unibertsala duten horiekiko”. Egoera horren esparrua EBren eta Turkiaren arteko akordio “kriminala” da plataformaren hitzetan. “Estatu autoritario horretara kanporatzen dituzte, barnean disidentzia oro zanpatzen eta herri kurdua sarraskitzen duen horretara, lan zikina 6.000 milioi euroren truke egin dezan”.

Urtarriletik, iritsi dira, Nazio Batuen Erakunearen arabera, 200.000 lagun baino gehiago, eta, Amnesty Internationalen esanetan, muturreko pobrezia-egoeran daude, baita bizia galtzeko arriskuan ere. Bereziki aipatu beharra dago emakume eta haurren "biktimizazio bikoitza". 

Horrez gain, gogoratu behar da itsasoan 2.500 pertsona baino gehiago ito direla eta, Turkiatik eta Greziatik sarbideak itxita, kopuru horrek gora egiten jarraituko duela Italiarako ibilbide berriengatik. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak argi du pertsona horiek eskubidea dutela herrialde seguruetan asiloa eskatzeko, eta herrialdeon betebeharra dela “haiek hartzea eta babestea”. Horixe jasotzen dute giza eskubideei buruzko nazioarteko itunek. Baina, era berean, plataformako kideek adierazi dutenez, “ herritarrok ez badugu eskatzen, gobernuek betebehar hori sistematikoki urratzen jarraituko dutel”Hori dela-eta, indar soziopolitiko guztiak eta biztanleria oro har antolatzera eta mobilizatzera deitu ditu plataformak, “mugak ireki eta migratzaile, asilo eskatzaile eta mota orotako errefuxiatuen aldeko politika sozialak aplika ditzaten exijitzeko”. 

Manifestazioa gaur, ekainak 20, izango da, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunarekin bat. ‘SOS errefuxiatuak! Ez EB-Turkia arteko akordioari!’ lelopean, 19:00etan, Moyua plazatik irtengo da.

 

bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info