Floridan 2004an desagertu zen Sabin Llona bilbotarraren familia babestu du Bilboko Udalak

uriola.eus 2016ko eka. 10a, 10:41

Sabin Llonaren ama Maria Jesus Saenz (Argazkia: Iñigo Azkona)

"Elkartasuna, maitasuna eta sostengua" adierazi dio Bilboko Udalak Sabin Llonaren familiari. Alderdi politiko guztiek adostutako akordioaren bitartez hainbat konpromiso hartu ditu Udalak desagertutako pertsonen senideei laguntzeko. 

Pertsona desagertuak dituzten bilbotar familiei eta pertsona desagertuen bila lanean ari diren elkarteei laguntzeko konpromisoa agertu du Bilboko Udalak. Horretarako, "problematika hori" udal jardueran txertatuko du. Besteak beste, zenbait udal zerbitzutako profesionalak jarriko ditu beharrizana duten hiritarren esku "ahalik eta arretarik onena eta azkarrena eskaintzeko". Bestalde, bere lana alor horretara bideratzen duten elkarteekin eta erakundeekin koordinatzeko eta horiekin kolaboratzeko prest dago Udala. 

 

Hamabi urte desagertuta

Txurdinagako auzotar Sabin Llona Saenz 2004ko abuztuaren 2an desagertu zen Tallahasseen, Floridan (AEB). Bertan bizi zen bere arrebari bisita egiten ari zela desagertu zen. Sabinen familiak Floridako poliziaren eta agintarien erantzun falta ez ezik Espainiako eta Euskal Herriko erakundeen babes falta salatu du orain baino lehen.

Maria Jesus Saenzek -Sabin Llonaren ama- urteak eman ditu bere semearen desagerpena argitzeko erantzunen zain. Hodei Egiluzen kasuak eman dio indar nahikoa aurrera egin eta berriro ere erakundeekin eta arduradun politikoekin harremanetan hasteko. Urte hasieratik, besteak beste, Urkullu lehendakariarekin eta Aburto alkatearekin batzartu da. 

 

Legebiltzarrean

Hurrengo astelehenean, hilak 13, SOS Desaparecidos elkarteak Eusko Legebiltzarreko bilera batean parte hartuko du desagertutako pertsonen eta euren familiaren egoeraren berri emateko. Blanca Martinez elkarteko kideak hartuko du hitza. Bertan izango da Maria Jesus Saenz ere.

 

[2016-05-11] Maria Jesus Saenz Ramos: “Egia bakarrik jakin nahi dut, zerbait. Ezjakintasun honekin ezin dut”